Metodologia hiru ardatzetan oinarritua egongo da: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, hondakinen kudeaketaren arloan lehentasunen ordena ezarriz.
Horri jarraiki, lehenengo helburu nagusia hondakinak ahalik eta gehien murriztea da, bai arlo kuantitatiboan (hondakin fluxuaren pisua edota bolumena gutxitzea), bai arlo kualitatiboan (hondakinen toxikotasuna edota arriskugarritasuna gutxitzea). Esan ohi denez, "hondakinik onena sortzen ez den hondakina da".
Berrerabiltzea, berriz, lehenago ere erabili izan dugun objektu bat jatorrizko xederako berriro baliatzea da. Erabiltzaileak objektu hori erabiltzeko, hobetu edo zaharberritu egin dezake; bestela bere horretan utz dezake, aldarazi barik, baldin eta erabiltzaile berriarentzat erabilgarria bada. Arlo honetan hainbat aukera dago, bai eta enpleguari dagokionez ere.
Birziklatzeari buruz, batzuetan badira ezin berrerabil daitezkeen gauza batzuk. Birziklatzeak, ezabaketa edo balorizazio arloetarako xedatzen diren gaiak gutxitu ez ezik, lehengai gutxiago kontsumitzea ere eragiten du.
Batzarrak
Arlo bakoitzarekiko gutxienezko bilera bi egingo dira: lehenengoan gaiari lotutako ekimen ezberdinak aztertuko dira, eta bigarrenean, aldiz, ekimen horietatik martxan zein jarriko den erabakiko da. "Batzordeak erabakiak hartzen doan heinean, batzordeak berak Sopelan hondakinen kudeaketarekin lotura duten gaien inguruko jarraipena egingo du", azaldu dutenez. Izan ere, batzordearen helburu nagusia "ingurumenean eragin gutxien sortuko duen hondakinen kudeaketa" lortzea da, alderdi politiko zein elkarteen parte-hartzea ahalbidetuz.
Udal arduradunen ustez, "ekimen honek komunikazio-sareak hobetuko ditu eta hainbat onura ekarriko ditu, erabakiak hartzerako orduan herriko ikuspegi ezberdinak kontuan hartuko direlako: enpleguaren sustapena, hobekuntza sozioekonomikoak, eta abar".