Gaur, larunbata, Huts Teatroa konpainiak sortu duen "
Publikoari gorroto" antzezlana eskainiko du Areetako Andres Isasi musika eskolan, arratsaldeko 8etatik aurrera. Sarrera leihatilan bertan eros daiteke, 10 eurotan. Obraren protagonista Ander Lipus aktore ezaguna da eta berarekin Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu arituko dira euskarazko lan horretan. Manex Fuchs-en zuzendaritzapean, aktoreek Xabier Mendiguren Elizegik 1985an idatzitako antzezlan punk-a taularatuko dute, idazlearekin adostutako hainbat moldaketa sartuta. "Aktore bat, bi ikusle, agertoki bat. Besterik ez du behar antzerkiak" dio lan horren sinopsiaren hasierak, baina euskal antzerki garaikidea poltsiko zulatuekin dabil, eta publikoa gose. Horrek ezin egona pizten du. Eta ezinegon hori "Publikoari gorroto" antzezlanean islatzen da. Izan ere, teatroari buruzko hausnarketa jostalari baten moduan hasten da obra, publikoarekiko keinuz eta umorez; pixkanaka, ordea, arimaren zoko ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… giza izatearen amildegi ertzera iristeraino. Lana azaroan estreinatu zen Lapurdiko Luhuso herrian eta Leioako
Artedrama arte eszenikoen plataformaren esku ari da herriz-herri zabaltzen. Argazkian, Ander Lipus aktorea obraren pasarte batean / © Ainhoa Resano - Huts Teatroa.