Marije Fullaondo La Cruz egun Errigoitin bizi den arren, Algortan jaio zen 1964an. Ezker abertzaleko kidea, 2004ko ekainaren 13an, Herritarren Zerrendako zerrendaburua izan zen Europar Parlamentuko hauteskundetarako, baina Espainiako auzitegiek legez kanpo utzi zuten zerrenda. Ondoren, ezker abertzaleko bozeramaile izan zen 2006tik aurrera. Gainera, Arnaldo Otegi eta Joseba Permach kartzelaratu ondoren, Pernando Barrenarekin batera aritu zen. 2007ko udal hauteskundeetarako ezker abertzaletik bultzatu zen ASB alderdia legeztatzea saiatu ziren hiru pertsonetako bat izan zen. 2007ko abenduaren 18tik 2010eko apirilaren 15era kartzelan izan zuen Baltasar Garzon Espainiako Auztegi Nazionaleko epaileak, Batasuneko Mahai Nazionalaren kide izatea leporatua. 50.000 euroko fidantza ordainduta kaleratu zen. Egun, 4/08D sumarioan auziperatuta eta epaiketaren zain dago, ezker abertzaleko beste 43 kiderekin batera.
Sortuko zuzendaritzako beste partaideak
Gaur Iruñean izendatutako beste arduradun politikoak honako hauek dira: Pernando Barrena, Amaia Izko eta Xabi Larralde (eledunak), Rufi Etxebarria (Gatazken Konponbidea), Joseba Permach (Borroka Instituzionala), Juanjo Petrikorena (Komunikazioa), Marisa Alejandro (Diruzaintza), Idoia Aiastui (Barne Antolakuntza), Maite Ubiria (Nazioarteko Harremanak), Joxan Agirre (Gipuzkoako ordezkaria), Txus Martinez (Arabakoa), Maribi Ugarteburu (Bizkaikoa), Juan Kruz Aldasoro (Nafarroa Garaikoa) eta Jean François Lefort (Ipar Euskal Herrikoa). Bestalde, beste bost lagunez ez dute ardura zehatzik izango: Miriam Campos, Iker Elizalde, Oihane Zabala, Unai Berrostegieta eta Bixente Goikoetxea "Willy".