Algortako Bilgune Feminista: "Emakumeon borrokaz euskal preso eta iheslari politikoak etxera!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 24a, 18:41

Bilgune Feministak antolatuta, abenduan mahai-ingurua egin zen Kafe Antzokian, emakume presoei buruz. Mamitsua han bildutako emakumeek ziotena. Han esandako batzuk azpimarratu nahi genituzke gaur, labur. Datu batzuk, kokatzeko: 607 presotatik 86 emakume, 37 espetxetan barreiatuta. 86 horietatik 1 Euskal Herrian, 54 Espainiar Estatuan eta 31 Frantsesean. 7 ama daude egun umea barruan beraiekin dutela. Haurrak kanpoan dituzten 15 emakume daude Espainiako espetxeetan eta 5 Frantziakoetan. Gogora ekarri nahi ditugu, ikusgai nahi dugu Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak espetxera, erbestera, sasira, heriotzara eroan dituen emakume guztiak, eta herri honetako borrokan babes, zaintza, sostengu eta iraupenean lan eskerga egiten ari diren pertsona guztiak; izan ere, horien artean ere gehiengo handia emakumeak dira. Argazkian, Bilgune Feministako kideak herenegungo azken ostiraleko elkarretaratzean / cc-by-sa Algortako Herrira.

Gaur, Herriraren azkeneko ostiralean emakume presoen egoera azaldu eta salatu nahi dugu.

Hasteko, gaurko ereduan, patriarkatuan, gizarte osoa bezala, espetxeak ere gizonentzat pentsatuta daude. Emakumeok, pentsamolde patriarkalean, zaintza, gozotasuna, afektibotasuna, menpekotasuna ditugu ezaugarri eta, hartara, espetxeetan ikusezinak gara, gizonezkoentzat antolatutako espazioetan hala moduz moldatu edo egokitu beharrekoak.

Zer aurpegiratzen zaio emakumeari atxilotzen duten unetik? Ukatzen zaio militante izaera, eta leporatzen zaio zaintza, ardura eta maitasun “rola” hautsi izana. Ez zaio barkatzen ustezko emakume-roletik urruntzea, ez zaio aitortzen bere erabakiak hartzeko, bere borroka erabakitzeko ahalmenik. Espetxera sartzen denean ere, umiliazio eta irain iturri da haustura hori beti. Zelako “emakume” gaiztoa den gogoratzen zaio behin eta berriro.

Zergatik diogu hori? Espetxean lehia, indarkeria, erasoa, norgehiagoka dira nagusi. Eta emakumeok, gizarte honetan, bestela hezi gaituzte, hasi-hasieratik. Boterean, indarrean oinarritutako eskemetan, bigarren mailako izatea ezarri digute, erabaki eta eragin esparruetatik kanpo nahi izan gaituzte beti.

Hartara, bigarren mailako “preso” ere bagara. Kirola, ikastaroak, jarduerak oso mugatuta ditu emakume presoak. Kirola ez ei da emakumeen kontua, ikastaroak, betiko rolekin lotutakoak soilik merezi dituzte, josi, eskulanak, garbiketa, sukaldaritza... menpekotasunaren eta zaintzaren rola betikotzeko, kaleratzean ere lan prekarioetara kondenatzeko.

Objektu sexualtzat dituzte, sexualitatea ukatzen zaie, gizonezkoak asetzeko daude. Gizonak dira sexu-beharrak dituztenak, gu haien grinak baretzeko izakiak besterik ez gara.

Ama izatea ere abentura latza izaten da. Euskal presoen kasuan, gurasoei ezarritako erregimenak haurraren eskubideak murrizten ditu, beste umeek dituzten aukerak ukatzen zaizkie euskal presoen seme-alabei espetxeetan, aita ere preso badute espetxe barruan harekin egoteko tartea, adibidez. Guraso izatea ama izatera soilik mugatzen da espetxean, horrek dakartzan gazi-gozo guztiekin.

Luze jardun genezake egunerokoaren xehetasunak zerrendatzen baina ez da gaur dugun helburua.

Herri borrokatik harantzago, espetxeetan, emakumeek patriarkatuaren bidegabekeriaren kontzientzia handiagoa hartzeko aukera ere badute, asko eta asko hor ohartu dira feminismoaren beharraz, emakumeen boteretzearen beharraz, Euskal Herriaren askapenean, askatasunean eta eraikuntzan gure ahotsa, gure iritzia, gure eskubideak, gure ikuspegia, gure balioak kontuan hartu behar direla.

Alferrik ariko dira boteretzen, patriarkatuari mozorroa kentzen, emakume eta militante kontzientzia lantzen, baldin eta Euskal Herrian bizitzen ari garen prozesuan parte hartzen ez badute, baldin eta haien ikaspenen berri ez badugu eta gure etorkizuna marrazteko baliatzen ez baditugu.

Gaur guk hemen konpromisoa hartzen dugu eskualdeko emakume presoengana heltzeko, haiei entzuteko, hemengo berri emateko, ikusgai egiteko eta beraien ekarpen eta bizipenen bozgorailu izateko.

Sasian, erbestean dauden emakume guztiei ere gure besarkadarik sentituena.

Bestalde, hilabetero, azkeneko igandean, zine-foruma egiten dugu Abian elkartean. Etzi [gaur, igandea] "Sagarren denbora" dokumentala ikusiko dugu, gure eskualdeko Alfon Etxegarai eta bere bikotekide Kristian Etxaluzen bizimoduari buruz. Alfon Sao Tomen bizi da. Tortura latzak egin zizkioten Ekuadorren eta handik Sao Tomera bidali zuten.

Gonbidatuta zaudete.

Gora Euskal Herri aske, euskaldun eta feminista! Gora emakumeon borroka!

Algortako Bilgune Feministak herenegun Algortako azken ostiraleko elkarretaratzean irakurritako oharra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun