Eugenio Gutierrez "Tigre" omendu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 25a, 23:28

"29 urte justiziarik gabe. Oroimena, duintasuna eta borroka" lelopean, dozenaka lagun elkarretaratu dira gaur iluntzean Leioan, Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” omentzeko. Izan ere, gogoratu dutenez, gaur bete dira "29 urte Estatu terrorismoak, PSOEk gidatuta eta GAL siglak erabiltzen zituena", Leioako semea zen "militante iraultzaile eta independentista erail" zuenetik. Ezker abertzaleko kideen ustez, GALek 1984an Gutierrezi eskainitako balaren parekoa da Estatu espainolak Euskal Herriari eskaini dizkion "bortizkeria eta inposizioa". Halere, "'Tigre' bezalako militanteen borrokari esker", marko autonomikoak agortu eta ezker abertzalearen estrategia aldaketa posibletzat jo dute bildutakoek. Baina, "konponbide demokratikoa" eskuratuko bada, borroka, indar metaketa eta herri aktibazioa ezinbestekoak izango direla azaldu dute. "Eta bide horretan, 'Tigre' bezalako militanteak utzitako suak argituko du gure bidea", azpimarratu dutenez. Argazkian, gaurko omenaldiaren irudi bat.

Ekitaldi xume baten bidez, orain 29 urte gerra zikinaren baitan hildako auzotarrari lore eskaintza egin diote, besteak beste. Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek beregain hartu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak.

2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 euskal herritar "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori argitaratu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955eko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.

Eugenio Gutierrezen omenez irakurritako oharra

Gaur betetzen dira 29 urte Estatu terrorismoak, PSOEk gidatuta, eta GAL siglak erabiltzen zituena, Leioako semea zen Eugenio Gutierrez “Tigre” militante iraultzaile eta independentista erail zuenetik.

Hori da, Estatuak egin digun eskaintza bakarra gure aldeko eskubideen defentsan egin dugun aldarrikapen eta borrokaren aurrean: bortizkeria eta inposizioa: jazarpen poliziala, isunak, atxiloketak, torturak, espetxe basatia, sakabanaketa, isolamendua, ilegalizazioak, epaiketa politikoak, erailketak... Azkena, Jon Anzarena, Estatuaren gerra zikinak eraila, eta asteotan bere auzia artxibatu dutena, inolako ikerketarik gabe.

Baina, “Tigre” bezalako militanteen borrokari esker, euskal askapen mugimendu osoaren lana eta borrokari esker, gure herriaren aldeko borrokak bizirik dirau, Euskal Herria inoiz baino biziago dago.

Borrokari esker, euskal jendartearen gehiengo zabalak, Euskal Herriaren aitortza eta autodeterminazio eskubidearen alde dago, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren alde, gatazkaren konponbide demokratikoa bideratzeko; eta argi dago gaur egun... Espainiak inposatutako marko autonomiko asimilatzaileak agortuak daudela.

Bidegurutze politiko horretan dago gure herria... eta bi bide soilik ditugu aurrean:

Espainia eta Frantziari lotuko gaituena... Iruzurraren bitartez, ziklo autonomistari, zatikatzaileari eta gure herriaren zapalkuntza bideratzen duena... eta langile klasearen eta sektore herritarren eskubideak zapaltzen jarraitzeko.
Eta gurea, independentziaren aldeko apustua. Gure herriaren burujabetza nazionalaren alde eta langile eta klase herritarren mesedetan dagoena...

Eta horregatik ezker abertzaleak eman du estrategiaren aldaketa. Konfrontazio parametroak aldatzeko. Ezker abertzaleak Estatuen kontrako borrokatik, Euskal Herriak bere osotasunean Estatuen kontra konfrontatzeko.

Eta bide horretan, ezagunak dira ETAk eman dituen pausuak. Gatazkaren konponbide demokratikoaren bidean emandakoak: Aieteko nazioarteko konferentzia ostean, bere ekintza armatuak uzteko konpromezua, ondorioak konpontzeko negoziazioa planteatuz.

Baina Estatuek konponbideari eta demokraziari eskua luzatu ordez, bere ukazio eta errepresio estrategian tematuta daude: ukazioa mantenduz, errepresioa, epaiketa politikoak, atxiloketak, jazarpen poliziala, preso politikoen kontrako mendekua eta kartzela politika kriminala aplikatuz, bizi arteko zigorrak...

Argi dago Estatuak ez duela konponbide demokratikorik nahi, eta hau soilik etorriko dela herritarren aktibazioari eta borrokari esker. Indar emtaketa hor dugu eta Estatuak duen krisi ekonomiko eta territoriala ikusita, bere posizioak higatzeko tenorean gaude.

Beraz. Hor dago gakoa, aktibazioan. Borrokaren bidez heldu gara honaino eta borrokaren bidez egingo dugu aurrera eta bide horretan gero eta bidelagun gehiago egin behar ditugu.

Nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala trakzio ardatza izanik. Hainbat eta hainbat esparru ditugu lan egiteko eta borrokatzeko: herri mugimenduan, udaletxean, unibertsitatean, lantokietan, kalean...

Eta bide horretan argi dagoena da “Tigre” bezalako militanteek utzitako suak argituko duela gure bidea.

Gora Euskal Herria independentea, sozialista, feminista eta euskalduna!

Gora “Tigre”!

Omenaldia argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun