Saharako preso politikoak askatzea eskatuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 26a, 12:21

Getxoko Udalak Sahararekiko elkartasun adierazpen instituzionala ezagutzera emango du gaur arratsaldean, otsailari dagokion osoko bilkuraren ohiko saioan. Izan ere, bihar, otsailak 27, beteko dira 37 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Adierazpen horretan, tokiko erakunde getxoztarrak Saharako herriaren askatasuna eskatuko du; baita Marokok okupatutako lurraldeetako saharar herritarren giza eskubideak, zibilak eta politikoak aldarrikatu ere. Bestalde, saharar herriarekiko elkartasun hamabostaldian parte hartzen ari da Getxoko Udala, Bilboko zein Gasteizko tokiko erakundeekin eta Euskal Fondoarekin batera. "Saharar herriari elkartasuna agertzeaz gain, aipatutakoek 24 presoei egin berri dieten inolako gardentasun-bermerik gabeko epaiketa militarra gaitzetsi dute", udal iturriek azaldu dutenez. Horiek 2010ean Gdeim Izik kanpamenduetan burututako eraso bortitzaren ondoren atxilotu zituzten. Era berean, hainbat ekintzen bitartez, pertsona horien askatasuna eskatuko dute. Getxoko udaletxean, bihar, otsailak 27, 12:00etan, saharar bandera jarriko dute. Argazkian, aurreko batean gurera etorritako saharar umeetako batzuk.

Horri jarraiki, Getxoko Udalak Marokoko agintariei eskatuko die eten dezatela giza eskubideen aldeko ekintzaileen kontrako jazarpena Saharako Mendebaldean eta aska ditzatela preso politikoak. Saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea berretsi egingo du, Nazio Batuen Erakundeak adostutako eran eta Espainiako gobernuari eskatuko dio Nazio Batuen ebazpenaren arabera gatazka konpontzeko prozesua babesteko. Herritarrak animatuko ditu saharar herriari babesa emateko eta orobat salatzera nazioarteko krisi ekonomikoko egoerak larriagotu duen saharar herriaren babesgabetasun- eta ahanztura-egoera salatzeko. Azkenik, aintzatetsiko du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren gobernu legitimoa eta babestu egingo ditu Fronte Polisarioko kideak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun