"Zer da 197/2006 dotrina? Zer da Parot dotrina? Zergatik luzatu nahi diote "Kitxu"-ri zigorra, 7 urte gehiago?". Galdera horiei guztioriei erantzun eman nahi die Itzubaltzetako Herrirak etzi, osteguna, Branka kultur elkartean eskainiko duen bideo-forumaren bitartez. Presoen eskubideen aldeko bilguneak zabaldu duenez, hitzordua arratsaldeko 8etan izango da. Estatu espainolak Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu zion hilaren 14an. Handik hona, hainbat mobilizazio izan dira herrian, "Kitxu"-ren alde eta datorren martxoaren 20ari begira. Egun horretan, Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aztertuko du Ines del Rio preso politikoaren auzian Espainiak jarritako helegitea. Lehenengo ebazpenean, Auzitegiak Tafallako presoa askatzea agindu zuen, 197/2006 dotrinak giza eskubideak urratzen dituelakoan. Argazkian, hilaren 15ean, 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten manifestazioan "Kitxu"ri espetxe zigorra luzatu izana.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!