Larunbat honetarako, martxoak 2, Lurralde Zati Planaren (LZP) aurkako asanbladak zuhaitz landaketa antolatu du Getxoko Azkorri inguruan. Besteak beste, urritzak, arteak eta haritzak landatuko dituzte. "Lurraren erabilera erabat ezberdina planteatzen dugu, horregatik inportantea iruditzen zaigu pinuz bete dituzten eta espekulaziorako bideratuak izan diren espazioak berreskuratzea. Eta zergatik ez, harremanetarako beste modu bat ere izan daitekeela uste dugu", aipatu eragileko kideek adierazi dutenez. Hitzordua goizeko 10etan jarri dute Bidezabalgo metro geltokian, larunbat honetan, esan bezala. "Materiala (palak, atxurra) baduzue ekartzea eskertuko genuke, eta arbolen bat baduzue ere bai", zehaztu dutenez. Argazkian, 2010eko abenduaren 18an, 150 bat herritarrek egin zuten Lurralde Zati Planaren (LZP) kontrako martxa Getxoko Bentatik Azkorrira.