Biolentzako musika garaikidea interpretatzen duen talde aitzindaritzat hartuta, hogeita hamar konposizio baino gehiago estreinatu ditu. Disko ekoizpen zabala du boskoteak eta horretan, nabarmentzekoak dira William Lawes, Henry Purcell, William Byrd, Matthew Locke, John Dowland eta Orlando Gibbons-en obren grabazioak. Getxon eskainiko duten saioan Bachen "Goldberg bariazioak" interpretatuko dituzte.
Beste bi emanaldi gehiago
Bigarren saioan, martxoaren 9an, Anda-Louise Bogza soprano errumaniarraren kontzertuaz gozatu ahal izango dute musikazaleek. Abeslariak 1994. urtean irabazi zuen Vienako Nazioarteko Abesti Lehiaketaren lehenengo saria. Sarritan jardun da Bogza Europa osoko aretoetan eta bere maisutasuna erakutsi du hainbat roletan: Aída, Tosca, Katia Kabanova, Doña Ana... Getxon Adam Skoumalek lagunduta ariko da, Txekiar Errepublikako egungo piano-jotzaile eta musikagile ospetsuenetakoa, hain zuzen ere.
Amaiera bikaina emango die Kontzertuei Miguel Ituarte piano-jotzaile getxotarrak martxoaren 16an. Bere errepertorio zabalean hainbat garaitako lanak bildu ditu, Bachen hasita eta egungo musikaraino. Europan zein Hegoamerikan eskaini ditu emanaldiak eta zenbait ganbera taldetan jardun da. Egun, Cecilia Lavilla Berganza sopranoarekin aritzen da elkarlanean sarritan.