Getxo Antzokiaren 4B faseari dagokin proiektua onartu berri du bere azken bileran Tokiko Gobernu Batzarrak. Horrek eraikineko aurrealdeetan eta instalakuntzetan edukiko du eragina eta bere aurrekontua sei milioi euro ingurukoa izango da, udal iturriek adierazi dutenez. Era berean, lanak esleitzeko lehiaketa deitu du Udalak eta egiteko epea 52 astekoa izango da. 2012ko amaieraz geroztik
proiektuaren 4A fasea egiten ari dira, Algortako kultur egitura berria eta Musika Eskola eraikitzeko prozesuaren azkenaurrekoa. Fase horren lizitazioa 5,9 milioi euroko aurrekontuarekin egin zen eta horretan estalkiak eraikitzea eta instalakuntzak eta banaketak kokatzea aurreikusten ziren. Fase horrekin batera Tokiko Gobernu Batzarrak onartu berri duen 4B fasea eta 4C (horretan amaierak egingo dituzte) ere eramango dira aurrera. Azken bi fase horien ondoren inguruko gune guztiak urbanizatuko ditu Udalak. Getxo Antzokia eta Musika Eskola 2015. urterako amaituta egotea aurreikusten da. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia uztailean emandako prentsaurrekoan / ©
Getxoko Udala.