Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan, datorren asterako hainbat ekitaldi antolatu ditu Leioako Bilgune Feministak. Ostegunean, hilak 7, "Emakumeok lan gatazketan" izenburuko mahai-ingurua egingo dute 19:30ean, Sakoneta kiroldegiko hitzaldi aretoan. Marian Verde Firestoneko langile ohia, Lorea Ureta Etxeko Langileen Elkarteko kidea eta Maite Agirre zein Gotzone Etxeberria eskola jantokietako langileak izango dira hizlariak. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da, Leioako BFek jakinarazi duenez. Emakumeen Nazioarteko Egunerako, berriz, argazki txapelketako erakusketa (arratsalde osoan), kontzentrazioa (20:00) eta, ondoren, argazki txapelketako sari banaketa egingo dituzte Bulebarrean. Egunari amaiera emateko, 20:30etik aurrera, poteo musikatua izango da Leioako kaleetan zehar. Amaitzeko, larunbatean, hilak 9, mural herrikoia egingo dute, 11:00etan. Argazkian, 2011ko abenduaren 13an, Leioako Bilgune Feministak eta Andrak emakumeen elkarteak deituta, "Emakumeon aurkako erasorik ez!" aldarrikatu zuten 120 bat emakumek eta gizonek.