Izan ere, Itzubaltzeta gaztetxea eta Gobela ibaiak kaltetutako auzokideen arteko hartu-emana estua izan da 2008tik eta Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak herri eta kultur plataformaren eskariz, Udalak eta gaztetxeak 2011ko abenduaren 14an abiatu zituzten elkarrizketak, gora behera askoren ostean hitzarmenera heldu zirenak. Oraindik orain, Errekaganeko etorkizuneko gaztetxearen estatus publikoa zehazteke dagoen arren, gazteek pabilioiei "gero arte" eman zieten, jai baten bidez, otsailaren 2an eta hilaren 11n hasi ziren etxe merkea atontzen.
Udalaren aginduz, gazteek ezin izango dute makina bat gauza egin etxe merkean, hala nola musika kontzertuak, musika taldeen entseguak, jaiak, ospakizunak, azokak, taberna edo jatetxe bezala erabili, ezta bazkariak prestatu ere. Ordutegiei dagokienez, hitzarmenak ezarri zuen jarduerak Itzubaltzeta / Romoko kultur etxearen ordutegi berberak izango zituela, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Azkenean, Udalak aldatu behar izan zuen eta larunbat eta igandera ere zabaldu, egun horietan baitute gazteek aisialdirako ordu gehien.
Itzubaltzeta gaztetxearen oharra
Itzubaltzetako auzokideok, Itzubaltzeta gaztetxeak honakoa adierazi nahi dizue:
1) Uda hasieran, Gobela ibaian egingo diren obren harira eta akordio batetara heltzeko asmoarekin, Udala Itzubaltzetako gazte asanbladarekin kontaktuan jarri zen.
2) Itzubaltzeta gaztetxean, auzoko eragile sozial ezberdinez osatutako ez ohiko asanblada bat sortu eta honakoa adostu zen:
• Bai filosofikoki, baita estrukturalki Itzubaltzetaren proiektua bermatzeko Udalarekin hainbat bilera egitea. Udalak honakoa asumitu eta estrukturaren gabeziari aurreko egiteko zenbait lokal utzi dizkigu (etxe merke bat eta Romo eskolaren behekaldeko biltegi bat).
• Gobela ibaiaren obrak beharrezkoak ikusten ditugunez, denboraldi batez gaztetxetik alde egitea erabaki dugu. Herriaren alde eta herriarentzako lan egiteko jaio ginen eta, horregatik, ezin ditugu gure interes kolektiboak herriko interesen gainean jarri.
• Amaitzeko, honako mezua botatzea gustatuko litzaiguke: gure proiektu guztiak bortzaz suntsitu dituenarengan konfiantza jartzeak ekar ditzakeen mehatxuei, zintzotasunez eta ausardiaz aurre egitea erabaki dugu. Honakoa, auzokide guztion ongizaterako egin dugu, baina gaztetxea den beharrizan errealaren aurrean instituzioen jarrera aldaketa emateko apustuarekin baita ere.
Informazio gehiago eskuratzeko, Ezekiel Agirre kaleko 14. etxean gaude!
Itzubaltzeta gaztetxea