Autodefentsa ikastaroak abiatuko du etzi Sopelako Emakumeen Astea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 28a, 17:03

Martxoaren 8an aldarrikatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte Sopelako Udalak, Berdintasun Sailak eta Itzartu emakumeen elkarteak. "Helburua emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatzea izango da", tokiko iturriek nabarmendu dutenez, eta besteak beste, hauek izango dira antolatutako ekimenak: hitzaldiak, antzezlanak, mendi-irteera, lehiaketak, kontzertuak, eta abar. Adin guztietako sopeloztarrei zuzendutako programazioa, beraz. "Aurten, antolakuntzak deialdi berezia egin gura du gizonezkoen parte-hartzerako, benetako berdintasuna lortzea denon konpromiso eta erantzukizuna delako, jendarte guztiarena, hots, emakume eta gizonena", adierazi dute udal arduradunek. Emakumeen Astea larunbat honetan, martxoak 2, abiatuko da Sopelan, autodefentsa feminista ikastaroaren bitartez. Kurtzio Kultur Etxean izango da, 16:00etatik 20:00etara. Argazkian, emakumeak 2010eko azaroaren 25ean Sopelako udaletxean egindako ekitaldian / © Sopelako Udala.

Egitaraua:

Martxoak 2, larunbata
16:00-20:00 Kurtzio Kultur Etxea
Autodefentsa feminista ikastaroa emakumeentzat.

Martxoak 4, astelehena
19:00 Kurtzio Kultur Etxea
Proiekzioa: Euskal feminismoa irudietan.

Martxoak 5, asteartea
18:00 Nagusien Etxea
XVII. Tarta lehiaketa.

Martxoak 6, asteazkena
18:00 Kurtzio Kultur Etxea
Mahaingurua: “Literatura eta sorkuntza”. Hizlariak: Espido Freire, Jose Javier Rapha eta Gonzalo Iribarnegarai.

Martxoak 7, osteguna
18:00 Kurtzio Kultur Etxea
XVI. Olerki, XIII. Ipuin Labur eta XI. Margo lehiaketen sari banaketa eta askaria.

Martxoak 8, ostirala
18:30 Kurtzio Kultur Etxea
Kontzertua: Txarango (Mocedades eta Trigo Limpio taldeetako kide ohiak).

Martxoak 9, larunbata
15:00 Bazkari mundiala Euskal-Sena jatetxean, herriko emakume guztiei irekia. Autobusa 14:00etan irtengo da.
20:00 Nagusientzako antzerkia Kurtzio Kultur Etxean: "Enmimismada".

Martxoak 10, igandea
09:30 Martxoaren 8ko mendi-martxa. Irteera Gorlizko udaletxetik. Helmuga: Urdulizko kiroldegia 12:30ak aldera, eta ostean ekitaldia.
18:30 Zirzira ahots taldearen kontzertua Kurtzio Kultur Etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun