Ez zatekeen, ordea, PPk Bilduk aurkeztutako mozio baten alde bozkatuko zukeen lehenengo aldia… Beraz, honako honetan erabilitako aitzakiak agerian uzten du PPrentzat getxoztarrek ez dutela merezi begirunea. Alderdikeri jolasetan eta politikeo nazkagarrian jarraitzea nahiago dutela popularrek Getxoren alde lan egitea baino, eta herritarren aldarrikapenak erabiltzen dituztela beren helburuen alde, bozkak lortzearen alde, eta ez benetan sinesten dituelako.
Mozioaren debatean, EAJk argudio bakarra zuen defendatzeko astearte goizean prentsa aurrean aurkeztutako proiektua: azken udal hauteskundeetan jeltzaleek lortutako 14.182 (RKE-ren aurka atzo bozkatu zuen oposisiziozko alderdien bozken batuketa 24168 dira). Eta horrek zilegitasun osoa ematen diolakoan, ez du inolako asmorik getxoztarren ekarpenak jasotzeko ezta prozesu parte-hartzailerik irekitzeko (HAPOren kasuan egiteko asmoa duen bezalakoa, adibidez); are gutxiago horren errefrendoa herri-kontsulta baten bidez lortzeko (hain seguru badaude, zergatik ez galdetu herriari?).
Tamalgarria da gaur egun indarrean dagoen Udal barne araudiak debatean auzotarren iritzia eta argudioak entzuteko aukera ez ematea; askoz aberasgarria zatekeen astearteko eztabaida, seguru gaude, eta egongo zatekeen alkateak esandakoa gezurtatzeko. Horren ezean (espero dugu hori aldatzea), Romoko auzotarrek hitza hartu zuten azken txandan -alkateari galderak eta eskaerak egitekoa- eta gobernu batzordeak ez diela auzotarrei galdetu nolako Kultur Etxea nahi eta behar duten salatu zuten. Salaketa, berriz, ez da aktetan jasotzen, aurreko argudioak (politikoenak) bezala. Auzotarrek ere ez dute haien hitzak jasoak izatea merezi?
Gobela Errekaganen estaltzeko eskaera
PPk Romo Itzubaltzetako auzotarren beste eskaera ere aurkeztu zuen udalbatzan; Gobela ibaia bideratzeko lanak egin eta gero, orain zabalduko den tartea -Villa de Plentzia kaletik Gobelako polikiroldegiraino- berriz estaltzea eskatzen dute, onartutako proiektuan metroko geltokiraino estaltzea baino ez da aurreikusten. Errekaganeko 9tik 15erako auzotarrak beldur daude uholdeak ekidingo duen lan horren ondoriek kalte egingo dietela.
Bildutik ulertzen ditugu Errekaganeko auzotarren kezkak eta zalantzak, eta haiekin ados gaude irtenbidea bilatu behar zaiela; baina orain arte bezala, uste dugu irtenbidea lantzeko gunea Uholde Batzordea dela. Hor eman behar ditu azalpenak URAk, eta horretan Errekaganeko kezkak eta zalantzak entzun behar dira, baita guztion artean, baldin balego, irtenbide bat bilatu ere.
Larria litzateke orain Gobela bideratzeko proiektua bideratuta dagoen une honetan, bera gelditzea edo/eta atzeratzea. Behin eta berriro esan dugunez, bat egiten dugu auzotarrekin arazoa lehen bait lehen konpontzeko eskaerarekin (atzerapenik gabe). Hala ere, horrek ez du esan nahi, bitartean, besteen auzotarrengan izan daitezen kalteak gutxitzen saiatu behar ez denik.
Beraz, astearteko Udalbatzan berriz eskatu genuen Uholde batzordea lehen bait lehen dei dadin eta bertan Errekaganeko auzotarrak egon daitezen eskatu ere. Espero dugu atzo alkateak horren alde agertutako konpromisoa benetakoa izatea, eta honetan orain arte izan ez duten begirunea izan ditzaten Errekaganeko -eta Romoko orohar- auzotarrek. Haiek ere merezi dute-eta.
Mozioez aparte, gutxi izan ziren Udalbatzan trataturiko gaiak: martxoaren 8ko eta Saharar Herriaren aldeko adierazpen instituzionalak eta Inaxio Uriarte EAJko zinegotziaren kargudun ezartzea, alegia.
Udalbatzan esandakoa entzungai duzue getxo.net webgunean: hemen.
Getxoko Bildu