Txostena jasotzerakoan, dagokion Foru Sailak, hilabete bateko epean gehienez jota, Bizkaiko Foru Aldundiari aldaketaren proposamena helaraziko dio, bere onarpenerako. Dagokion onarpena hartzen duenean, Bizkaiko Foru Aldundiak txostena Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko du, izen aldaketaren erabakia berretsi dezan.
Euskaltzaindiaren babesa
Pasa den azaroaren, 29an Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena "Sopela" dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposizioa aurkeztu zuen urtarrilaren
21ean ospatu zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean.
Betitxe Saitua aipatutako batzordeburuak hala eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika Batzordearen idazkariak batzordean parte hartu zuten. Bertan, alkatetzak izen ofiziala aldatzeko egindako proposizioa aztertu zen eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziren:
- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma "Sopela" izan zen.
- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa "Sopela" dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. "Sopelana" izena, aldiz, udalerriari deitzeko "version romance" bezala izendatzen zen.
- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.
Izen ofizialaren aldaketaren harira, Udalak, Aitxu, Euskaltzaindia eta HPSrekin batera egindako bideoa (© Sopelako Udala)
Bideoan erabilitako musika "Gazta zati bat" dokumentaleko soinu banda da, Xabi Solanok eta DZk egindakoa.