Erandion, Bilboko Arte Ederren Museora bisita eginez emango diete hasiera astelehenean, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiei. Egun berean, ohiko batzar nagusia egingo du Erandioko Emakumeen Elkarteak, 18:15ean, Altzagako postetxe zaharrean. Hurrengo egunean, berriz, bazkaria izango da, 14:30ean, azoka zaharrean. Oturuntzarako lekua aipatu taldearen San Agustin plazako 1. zenbakiko egoitzan hartu beharko da. Hilaren 7ra helduta, “Alimentación nutritiva y saludable para mujeres y hombres” izenburuko hitzaldia antolatu du Astrabuduako Emakumeen Elkarteak. Hitzordua 16:30ean jarri dute Josu Murueta kultur etxean eta María Lourdes Portal biologoa eta berdintasunean adituak hitza hartuko du. Egun berean, jaia egingo du Erandioko Emakumeen Elkarteak, Altzagako azoka zaharrean, 18:30ean. Azkenik, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean, bi taldeek bat egingo dute elkarretaratzea eta Altzagatik Astrabuduara arteko martxa egiteko. Udaletxe aurretik, Irailaren 23a plazatik abiatuko dira, 12:00etan. Argazkian, martxoaren 8ko elkarretaratzea Erandioko udaletxe aurrean, aurreko batean.