Sasoi honetan, urtero bezala, Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak martxotik ekainera arteko aisialdirako jardueren eskaintza kaleratu du. Guztira, 9 eta 30 urte bitarteko haur, nerabe eta gazteentzako zortzi jarduera eskainiko ditu. Horietako gehienak azkeneko urteotan ere eskainitakoak dira. Aurtengo berrikuntza da “Ikasketa arrakastatsuak izateko estrategiak” izeneko tailerra. 9 eta 13 urte bitarteko neska-mutikoei zuzenduta dago eta tailerraren helburua da ikasketetarako eta haien bizitzaren gainerako esparruetarako erabilgarri izan daitekeen tresnen “packa” haien eskuetan jartzea. Tailer horretan, besteak beste, honako hauek landuko dituzte: adimen emozionala, irakurketa azkarra eta ulermena, komunikazio eraginkorreko teknikak edo ikasteko teknikak. Jarduera berritzaile horrez gain, makillaje, larrugintza, marrazketa (marrazten ez dakitela uste dutenentzat), perkusio, bideo-sorkuntza, elikagaien manipulazio (ziurtagiria emango da) eta sukaldaritza ikastaroak ere egongo dira. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, tokiak bete arte. Inskribatzeko, ohi bezala, Gazte Informazio Bulegora (Algortako Etorbidea) jo dezakete pertsona interesatuek edo udal webgunearen bitartez ere egin dezakete,
www.getxo.net helbidean. Argazkian, Koldo Iturbe Gazteria zinegotzia.