Getxolan Ekonomia Sustapenerako eta Enplegu Zerbitzuen bitartez, martxotik hasita eta urte bukaera arte, trebakuntzari eta aholkularitzari lotutako hainbat ekimen antolatu ditu Udalak; alde batetik, ekintzaileentzat eta, bestetik, langabezian dauden pertsonei zuzenduta. Horretarako, Lanbide enplegu zerbitzuengandik 156.000 euroko diru-laguntza jaso du tokiko erakundeak. "Ekimen horren helburua da, langabetuen laneratzea erraztea eta lurraldea dinamizatzea, bertoko garapena indartzeko eta sustatzeko", azaldu dutenez. Enpresa-ekintzari dagokionez, Getxolanek nork bere lana sortzeko aholkularitza eta sustapen ekintzak egingo ditu eta enpresa-ekintzarako ekimen berritzaileak eskainiko ditu, besteak beste, "co-working"-a eta berrikuntzan oinarritutako prestakuntza. Halaber, Getxolanek langabetuentzat trebakuntza programak eskainiko ditu honako sektore hauetan: Merkataritzan, Ostalaritzan eta Turismoan; proiektu berritzaileen Kudeaketan eta ezgaituentzako Trebakuntza espezializatuan. Proiektu horren helburuak dira: 15 enpresa-proiektu abian jartzea, pertsona ekintzaileentzako ekintza berritzaileak egitea; 48 pertsonen enplegagarritasunaren hobekuntza sustatzea eta toki-garapenaren sustapena. Getxolanek proiektu bakoitzerako deialdiak bere garaian emango ditu ezagutzera. Argazkian, Getxolan Enplegu eta Ekonomia Garapeneko Zentroak antolatutako ikastaroen ziurtagiriak banatu zituen 2011ko otsailaren 23an Imanol Landa alkateak, Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian egindako ekitaldian / © Getxoko Udala.