Ernai gazte antolakundea: "Iritsi zaigu unea! Piztia piztu da, ekin!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 2a, 20:19

“Jan, edan, lo egin… hori gaixoek eta zaharrek ere egin dezaketela uste dut. Beraz, zertarako bizi? Guk beste gauza batzuk egin ditzakegula uste dut. Borrokatu, borrokatu eta borrokatu. Borrokak aberastu egiten du”. Hauek, Lucio Urtubiaren hitzak dira, gaurko egunerako aproposak. Hor dugu logotipoa, izar eta guzti. Zenbat espekulazio egon diren horren inguruan eh…? Eta zenbat eztabaida hemen, Lekunberrin, tolosan eta Barakaldon… feminismoaz, sozialismoaz eta gazteherriaz aritu gara behin eta berriz… ta ze buruhausteak! Ezker abertzalearen estrategia- aldaketaz eztabaidatu dugu eta askapen prozesuari ekarpen potentea egingo dion gazte estrategia zehaztu dugu. Argazkia: cc-by-nc Topatu.info.

Gehientsuenok, bi ondorio nagusi atera ditugu guzti honetatik:

- Batetik, prozesua bera formazio saio ikaragarria izan dela guztiontzat. Ideologikoki ongi hornituta gaude eta hori garrantzitsua da fase politiko honetan. Baina ez gara ase oraindik, ikasten jarraituko dugu, borroka ideologikorako motxila betetzen.

- Eta bestetik, gazteok oso argi dugula zer nahi dugun. Euskal Herria aske, sozialista eta feminista nahi dugu, horretan paratu dugu begirada, begia noraino, gogoa haraino heltzen baita. Panorama beltza da, Gure gurasoek borrokaz irabazitako eskubideak, krisiaren aitzakiapean suntsitzen ari dira… Baina Ernai gaude eta ez gaituzte lo harrapatuko! Euskal Estatu sozialista eta feministarako bideak askatuko gaitu!

Orain, eztabaidatutako guzti hori praktikara eramaten jakin behar dugu. Hau ez baita amaiera. Hasiera baizik. Ez gara hutsetik abiatzen. Ponentzia mardul horretan definitutakoaz gain, esperientzia zabala dugu. Gazte mugimenduan jardun izan dugu lanean gure herri eta auzoetan. Baina horretaz gain, gazteria antolatuak 30 urtetan izan duen ibilbidearen uzta ere jaso dugu. Ondo egindakoak gogoan hartu eta gaizki egindakoetatik ikasiz. Iparra argi izanda aurrera egingo dugu! Ez izan zalantzarik!

Ernai hitzak baditu hamaika adiera. Adi egongo gara, erne. Bizitasunez arituko gara, errebeldiaz. Ernaiekin jarrera bat adierazi nahi dugu, gazte iraultzaileon jarrera. Izan ere, sistema bere tresna guztiekin, behin eta berriz saiatzen da errealitate gordina makillatzen eta irabazteko adi egotea ezinbestekoa da. Baita bizitasuna ere, testuingurua aztertu eta etorri daitezkeen gertakariei aurre hartu ahal izateko.

Eta gure zeregin nagusietako bat, jarrera hau hedatzea izango da. Udaberriak bezala guk ere gure koloreak zabalduko ditugu: antolakuntzaren urdina, independentziaren berdea, feminismoaren morea eta sozialismoaren gorria. Iraultzarako gogoa, zirikatzeko grina zabalduko dugu.

Izan ere gazteok bi aukera ditugu uneotan:

- Zapalduak jarraitu eta prekarietatean murgilduta bizirautea. Merkatuen diktadura pean peoi izaten jarraitzea.

- Edota gure buruen jabe izatea. Kontraerasoari ekin eta Euskal Estatu Sozialista eta Feminista eraikitzea.

Eztabaida prozesuan behin eta berriz errepikatu dugu burujabetzaren kontzeptua. Horren ukazioaren adibide garbia dira Estatuak, Lanbide, unibertsitate programak, helduen botereak edo lan baldintza prekarioak. Guztiek hartzen dituzte erabakiak geure ordez. Ez gara ez isilik ez geldirik geratuko ordea sistema kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigun artean. Ez gara inoren ardi! Gure buruen jabe gara!

Argi dugu, Espainiar eta Frantziar Estatu ustelen baitan gazteok ez dugu etorkizunik! Eguneroko albisteek geroz eta arrazoi gehiago ematen dizkigute bi estatuekin apurtzeko. Barcenas eta enparauak, zuena bai pagotxa; zerutik erortzen omen zaizkizue diruz beteriko gutun-azalak. Ez jabe, ez jatorri ezagunik. Hori bai misterioa! Poltsikoak lehertzear dituzue eta hala ere bigarren mailako bilakatzen duzue gure osasuna, hezkuntza eta etxebizitza eskubidea. Baduzue dirua AHT, errauskailua, edota superportua egiteko, zuen kapritxo guztietarako! Hemen ez da murrizketa beharrik, ez da dirurik falta, borondatea eta lotsa da falta zaizuen bakarra!

Baina gutun-azalez eta lapurretaz hitz egiteko hemen Euskal Herrian bertan ere ongi dakigu zer nolako trikimailuz jokatzen duen klase politiko burges ustelak. Cervera jauna, zu izan zara erortzen lehena, baina izebergaren tontorra baino ez dugu ikusi momentuz. Azaldu dezatela zure laguntxoek, zer egin duten nafar guztiona zen aurrezki kutxarekin, eta zer egin duten gure diruarekin. Azaldu dezala Barcina andereak, zeren truke saldu dion Nafarroa Espainiari? Benetan espero duzue zuen gezurrek betiko iraungo dutela? Zuen prepotentziak, zuen morrontzak, amildegiaren ertzeraino eraman zaituzte. Gezurretan aritu zarete baina gezurrak hanka motza du. Kasu beraz, kasu!!

Urkullu jauna, zu ere ez zabiltza urruti. Ibilbide luze eta tristea urteetan egindakoa, herri honen etorkizun aske eta justuari ateak ireki beharrean zuen poltsikoen interesei begira ibili zarete. Herri honi bizkarra eman eta Madrilekin eskuz esku ibili zarete negozio zikinetan, eta aurrerantzean ere, ziur, bide beretik ibiltzen segituko duzue. Ez gara fidatzen! Zuen aurrean ere Ernai gaude!

Ez gara zutaz ahaztu Hollande. Malin egin berri duzuen interbentzioa da zuen izaera inperialistaren adibiderik garbiena. Prest zaudete errekurtso naturalak ustiatu ahal izateko herri subiranoak zapaltzeko. Berdin Euskal Herriarekin ere; zapaldu egiten dituzue subirotasuna aldarrikatzen duten ahotsak. Ipar Euskal Herriko jendartea lurralde elkargo propioa exijitzen ari zaizue, 3 herrialdeei batasuna emango liokeena, eta guk ere gure egiten dugu exijentzia hori.

Sistemaren eta bere bultzatzaile nagusien inposizioei aurre egitea gazte boterea artikulatuz eta gure burua ahaldunduz soilik lortuko dugu. Kontzientzia zabalduz eta gazte orori borrokarako esparruak eskaini behar dizkiogu. Horrela lortuko dugu iraultza soziala. Horrela Euskal Estatu sozialista eta feminista eraikitzea. Gazte borrokaz lortuko dugu! Bai horixe!

Eta non egongo da Ernai? Bilera geletan, itxita? Ez, ezta? Ez! Kalean egongo da, lehen lerroan beti. Eta norekin egongo da Ernai? Zapalduekin, gazteriarekin, herri sektoreekin eskuz esku lanean egongo da, bizi eredu berriak eraikitzen, euskaraz bizitzen. Gazte lokaletan, gaztetxeetan, kirol taldeetan, sarean eta kalean egongo da Ernai!

Zergatik diogu hau? Ezker abertzaleak erronka potoloak dituelako esku artean. LAB eta Sortuko kideek aipatu dituzte horietako batzuk lehen. Euskal Estatua eraikitzeko, hegemonia eskuratu behar du ezkerreko independentismoak. Eta horretarako tresnak mahai gainean jarrita daude egungo fase eta estrategiari aurre egiteko.

Instituzioak eta aparatu burgesak mugiaraziko baditugu ezinbestekoa da herri mugimendua jo eta ke aritzea lanean, jarraitu beharreko bidea marraztuz eta herritarron behar eta eskariak egi bilakatzeko exijituz. Garrantzitsuena, ordea, eraikitzea da. Hegemonia eskuratzeko tresnak ez baitituzte instituzioek soilik ematen. Herri mugimenduak berak ere eraiki eta sortu behar ditu. Bide batez, agur bero bat bidali nahi nieke Udalbiltzako kideei, gaur ari baitira batzar berreratzailea burutzen. Herrigintzarako tresna garrantzitsua izango da ezbairik gabe.

Euskal Estatua eskuratzeko bide horretan ordea, badugu ezinbestean igaro beharreko beste bidesari bat. Urteetako gatazkak sufrimendu ugari eragiteaz gain ondorio lazgarriak ere utzi ditu. Ezker abertzaleak urrats mordoa eman ditu gatazka konpontzeko norabidean baina Estatuek amaierarik gabeko labirinto batean sartu nahi gaituzte. Euskal jendartea aurrera doa. Gobernuak aldiz konponbide prozesua blokeatu besterik ez du egin, bake bidean oztopoak ezarri.

Konponbidearen beharraz asko dakite ehunaka kilometrotara dauden euskal preso eta iheslariek baita euren senide eta lagunek ere. Oztopoak oztopo gazte borrokaz ekarriko ditugu etxera igerian, hegan edo oinez, traba guztien gainetik!

Kontziente dira gazteriak gatazkaren konponbidean jokatzen duen paper aktiboaz, eta horregatik gaituzte euren jo-puntuan. Joseba Sarrionandiak elkarrizketa batean erabili zuen terminoa erabiliz, Estatuen sparring funtzioa bete du gazteriak. Behin eta berriz gu isiltzen eta geldiarazten saiatu dira, baina gure oihuak ez du etenik, gure oinek ez dute katerik ezagutzen. Besarkada bero bat Lizarratik Orereta, Donostia eta Burlatako auziperatuei eta baita gainerako gazte auziperatu guztiei ere!

Etorkizunean halakorik gehiago ez bizitzeko, berme bakarra indar okupatzaileek Euskal Herritik aldegitea da. Eta guardia zibilekin batera polizia eta jendarmeek ere bai! Joan daitezela! Utz gaitzatela bakean!

Hasieran esan bezala hau abiapuntua baino ez da. Iraultza egitera goaz, abiada hartzen ari gara, eta bide horretan munduko beste hainbeste gazte borrokalarirekin ere bat egingo dugu. Indarrak batuta lortuko dugu sistema ustel eta zapaltzaile honi behin betiko kolpea emango dion uholdea eragitea!

Horretarako, lehenengo hitzordua gaur arratsaldean bertan dugu LOMCE Hezkuntza Erreformaren aurkako manifestazioetan. Madrildik datozen inposizioei ezetz esango diegu. Eta bihar, martxoak 3, Gasteizen kapitalismo basatienak eramandako 5 burkide gogora ekartzeko eta erantzuleei kontuak eskatzeko eguna dugu. Martxoren 8an ere zita garrantzitsua dugu. Badugu zer borrokatu! Gurea da garaipena!

Iritsi zaigu unea! Orain herri eta auzoetara! Piztia piztu da, ekin!

Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista eta feminista!
Gora Ernai!

Ernai gazte antolakundearen hitzartzea gaurko agerraldian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun