Sopelako Udalbatzak 197/2006 doktrina aplikatu dieten preso politiko guztiak berehala aske uzteko eskatu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 4a, 19:09

Otsailaren 28ko ohiko osoko bilkuran 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso politiko guztiak berehalakoan aske uzteko eskatu zuen Sopelako Udalbatzak. Alkatetza daukan Bildu koalizioak aurkeztu zuen proposamena, eta aldeko hamalau boto jaso zituen: koalizio abertzalearen zazpi zinegotzienak eta EAJren aldeko beste zazpi ordezkarienak. Proposamenak PPko zinegotziaren kontrako botoa baino ez zuen izan, eta PSE-EEko zinegotzi biak, aldiz, abstenitu egin ziren, udal iturriek zehaztu dutenez. Onartutako testuak gogorarazten duen legez, 2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina (Parot doktrina gisa ezagutu dena) ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen, eta beraz, Sopelako Udalak berau bertan behera uzteko eskatzen du. Halaber, Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal preso politikoen aurkako salbuespenezko legeria bertan behera uztea eskatzen du Sopelako Udalak. Argazkian, orain gutxi Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari ezarri diote 197/2006 doktrina.

Bildu udal taldeak aurkeztutako proposamena:

2006ean, Espainiako Auzitegi Gorenak, kode penal zaharrean epaituriko presoei zegozkien erredentzioak, kode hark ezartzen zuen bete beharreko gehienezko 30 urteei baino, ezarritako kondena osoari aplikatzeko doktrina ebatzi zuen. Hau da, 1973ko kode penalak, kondena kunplitzeko gehienezko urte kopurua 30 urteetan ezartzen zuen eta erredentzioen bidez, bete beharreko urte kopurua jaisten zen. Erredentzioen aplikazioak bete beharreko kondena 15 urtetan ezartzen zuen automatikoki, eta horrez gain, erredentzio gehiago eskuratu zitezkeen ikasketekin edo bestelako jarduerekin, bete beharreko kartzelaldi denbora jaitxiz.

1995ean eta 2003an kode penalean aldaketak eman ziren. Aldaketa horiek euskal presoen aurkako neurriak gogortzera bideraturik zeuden, preso diren pertsonei dagozkien eskubideak salbuespenez murriztuz. 95-ean kondena betetzeko urte mugak 30, 25 eta 20 urteetan ezarri, eta erredentzioak desagertu egin ziren. 2003-an berriz, kondena betetzeko muga 40 urtera igo zen.

Kode penal berriak ezarritako neurriak ez direnez erretroaktiboak, hau da, ezin direnez aplikatu aurretiaz epaituriko pertsonen aurka, Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina erabili zuen ateratzear zeuden euskal presoei kondena luzatzeko.

Ordutik hona, 83 euskal preso politikori ezarri zaie doktrina. Horietako 12, garaian ezarritako kondenaz gain doktrinaren kondena luzapena bete ostean atera dira kalera. Gaur egun, 67 dira doktrina hau aplikaturik kartzelan aurkitzen diren presoak. Horietatik 54 kondenaren luzapena ari dira betetzen, eta beste 13ri doktrina aplikatu zaie ezarri zitzaien kondena bete aurretik. Beste 4 lagun kalean daude, baina doktrina ezarria dute.

Doktrina honen bidez, euskal presoen aurka bizi arteko zigorra aplikatzen da. Ondorioak aski krudelak dira, 95 izanik 20 urte baino gehiagoko espetxealdiak igaro dituzten pertsonak. Gaur egun 29 presok 25 urte baino gehiago daramazkite espetxean. Neurri honek, oinarrizko giza eskubide denak urratzen ditu. 20 urtetik gora espetxean emateak itzuliezinak diren ondorio fisiko eta psikologikoak dakartzala frogatua dago.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena 197/2006 doktrinari buruz

2012an Auzitegi Konstituzional espainolak, 2006an indarrean jarritako doktrinaren kontrako helegiteak ebatzi ditu, doktrinaren aplikazioa babestuz. Bere ebazpenean ez du doktrinaren funtsari buruzko azalpenik ematen eta irizpidea aldatzeko aukera, tribunalei dagokiela argudiatzen du.

Auzitegi Konstituzionalak, 47 erabaki jakinarazi ditu (beste 20 kasu erabakitzeke). Horietatik 3 tramitera hartzea ukatuak izan dira, 22 tramitera onartuak, eta beste 3ren kasuan anparoa onartua izan da, hiru preso hauek kalera atera direlarik. Beste 19 kasu ukatuak izan dira.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalaren ebazpena

Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak ordea, Ines Del Río euskal presoaren kasuan oinarriturik, 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen 2012ko uztailean. Ebazpena, aho batekoa izan zen.

Tribunal honen ebazpenak, doktrinak, askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko eskubideak urratzen dituela dio, eta ez dela legezkoa aurrez ezarritako zigorra luzatzea. Ines del Río presoa berehala aske uztea eta 30.000 eurorekin kalte moralak berrezartzea ebazten du era berean.

Ebazpenaren eragina ez da Inesen kasura mugatzen, doktrinaren funtsa aztertu ondoren eta berau jotzen baitu ez legezko. Horrek doktrina bera, bertan behera uzteko bidea zabaltzen du; formalki Espainiar gobernuaren esku dagoen erabakia da hori.

Edonola ere, Ines del Ríoren inguruko ebazpena loteslea da, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 46. artikuluak, Estatuak Gortearen ebazpenak betetzera behartzen bait ditu.

Espainiako Estatuak helegitea tartekatu du. Helegite hau, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalean berrikusiko da datorren martxoaren 20an. Tarte horretan Ines del Rio kartzelan mantentzera ere, espainiar estatuak egiten duen beste lege-hauste bat gehiago da.

Estatu batek Estrasburgoko Tribunalaren ebazpen bat ez onartzea eskandalu politiko eta juridiko izugarria da. Espainiar Estatuak gai honen aurrean duen jarrerak agerian uzten du euskal presoen aurka salbuespeneko legedia eta bitartekoak aplikatzen direla. Presoek eta beraien senitartekoek dituzten eskubideak urratuaz eta nazioarteko Giza Eskubideen Arauen gainetik pasaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun