Urdulizko Merkatarien Elkartea jaio da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 4a, 19:23

Joan den asteartean, otsailaren 26an, Urdulizko Merkatarien Elkartea eratu zen. Izen horren pean elkarte berria sortu da, tokiko saltokietako hogei bat ordezkarik herriko kultur etxean egindako bileran, udal iturriek jakinarazi dutenez. Aipatu elkarteak, hemendik aurrera, Urdulizko merkatari eta ostalarien kolektiboa ordezkatuko du. Une honetan, 20 bat saltoki eta lokal daude elkartearen barruan, baina bazkide berriak hartzeko prozesuak zabalik jarraitzen du oraindik; beraz, bazkide gehiago sartzea aurreikusten da. Izan ere, kideen nahietako bat da oraindik kide ez diren Urdulizko merkatari eta ostalariek bat egin dezaten elkartearekin, epe ertainera. Momentuz, elkarteak badu bere lehenengo Zuzendaritza Batzordea, eta presidentea Carlos Nuñez jauna da, joan den asteartean egindako bileran adostu bezala. Bilera berean, gainera, estatutuak onartu ziren. Argazkian, Urdulizko udaletxea / © Urdulizko Udala.

Urdulizko Merkatarien Elkartearen helburua herriko merkataritza-sektorearen egoera hobetzea da. Azken hilabeteotan, Urdulizko merkatari eta ostalariek hainbat batzar izan dituzte, bai euren artean, bai Udalarekin, egungo egoera aztertu eta sektorea bultzatzeko bideak ikertzeko. Lan jarraitu horren eta merkataritza-jardueraren analisiaren emaitza gisa, sektoreko profesional talde garrantzitsu batek ulertu du elkartzeak indarra ematen duela, eta, horregatik sortu da, hain zuzen ere, Urdulizko Merkatarien Elkartea. “Egungo egoera eta merkatari txikien jardueraren beraren dinamika aintzat hartuta, beharrezkoa da indarrak batzea bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko”, defendatu dute bertatik.

Udal laguntza

Urdulizko Udalak ere ordezkaritza izan zuen joan den astearteko ekitaldian, Merkatarien Elkartea modu ofizialean sortu zenean. Tokiko erakundearen ustez, Urdulizko Merkatarien Elkartearen eraketa oso positiboa da. "Izan ere, Urdulizko merkataritza-sektorearen egoera hobetu eta kalitatea handituz gero, udalerri osoaren onerako izango da", adierazi dutenez. Udalaren arabera, oso gomendagarria da, sektoreari begira, ostalariek bat egitea erabaki izana. Izan ere, tokiko agintarien ustez, "modu horretan, baldintzak hobetu eta ekintzen ikusgarritasuna handituko litzateke". "Gainera, erakundeetatik elkarrizketa bakar mota hori eskatu ohi da, eurek laguntzen dituzten proiektuak abiarazteko orduan", gehitu dutenez. Horregatik, Udalak txalotu egin du Urdulizko Merkatarien Elkartearen sorrera, eta mantendu egiten du herriko merkataritza-ingurua hobetzeko konpromisoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun