Otsailaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran, Sopelako Udalbatzak Garraio Partzuergoari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta
Metro Bilbaori eskatu zien zerbitzuak berriro 2013ko urtarrilaren 9ra arte egon ziren bezala jar ditzatela, Metro Bilbaok ematen duen zerbitzuaz gozatzen jarraitzea ahalbidetzen duten maiztasunak eskainiz. Proposamena alkatetza daukan Bildu udal taldeak aurkeztu zuen, eta koalizioaren aldeko botoak lortu zituen. EAJk, aldiz, kontra bozkatu zuen, eta PSE-EE (2) eta PP abstenitu egin ziren. Saioa Villanueva alkatearen kalitate-botoak berdinketa haustea lortu zuen, eta azkenean proposamena onartu egin zen. PPk ere gai honekin lotuta mozio aurkeztu zuen, baina Udalbatzak ez zuen onartu. Proposamenak dioenez, urtarrilaren 9an Metro Bilbaoko zuzendaritzak "aldebakartasunez" erabaki zuen "lanegunetan, 09:30 eta 21:00 orduen artean, zerbitzuen maiztasuna %10 murriztea". "Horretarako, 2012an joan-etorriak %2 gutxitu zirela izan zen eman zuen arrazoi bakarra", adierazi dute udal iturriek. Argazkian, bidaiariak metro geltoki batean, artxiboko irudian.