Aitxu! euskara taldeak beste urrats bat eman du Sopelan euskararen erabilera sustatzeko. "Azken neurketan, udalerriko emaitzak oso txarrak izan ziren. Euskararen erabilera maldan behera doala agerian geratu zen", adierazi dute eragile euskaltzaleko kideek. Gauzak horrela, Aitxu! taldeak, Sopelako Udalarekin eta Serviocio enpresarekin batera, beste ekimen bat abian jarri du. Azaldu dutenez, "Sopelako kiroldegian, umeentzako ekintzetan ez ezik, beste jardueretan ere ez dago tokirik euskararentzat. Pilates, spinning, aerobic edo bestelako areto ekintzetan euskarak ez du inolako esparru normalizaturik". Hori ikusita Aitxu! taldeak, Sopelako Udalak eta Serviociok inkesta banatuko dute erabiltzale guztien artean, euskararen ezagutza maila zein den jakiteko eta kirol jarduerak euskaraz egiteko erabiltzaileek duten prestutasuna ezagutzeko. Galdetegia martxoaren 1etik aurrera banatzen ari dira eta, hilabete bat pasata, ondorioak aterako dituzte jasotako emaitzeekin, hurrengo matrikulazio kanpainan hainbat ekimen euskaraz eskaintzeko helburuarekin. "Ekimen horrek arrakasta badu, Sopelako kiroldegietan areto jarduerak lehenengo aldiz euskaraz garatzeko urratsa emango genuke", azpimarratu dutenez.