Guardia Zibilak Bizkaian droga-trafikoan aritzen omen zen talde antolatu bateko ustezko sei kideak atxilotu ditu eta 67 kilo droga konfiskatu ditu. Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak gaur zabaldutakoaren arabera, aipatu operazioa Bizkaitik Alacantera 1.500 gramo speed zeramatzaten bi pertsona atzeman ostean abiatu zuten. Ikerketak Bilboko 4. Instrukzio Epaitegiak zuzendu ditu, eta, horien arabera, droga Portugaleteko bizilagun batek eman ziela jakin zuten. Pertsona hori Euskal Herria eta Andaluzia arteko hainbat zerbitzugunetan haxixa jasotzen zuen talde bateko partaidea omen zen. Droga Andaluziatik ekartzen omen zuten, horren parte bat eurentzat gorde eta soberakinak Frantziara eramanez, beste talde baten laguntzarekin. Ikerketa burututakoan, beste lau lagun atxilotu zituzten, Madriletik Erandioko beraien etxebizitzara, 20 kilo haxix zeramatzatelakoan.