Larunbateko manifestaziora hainbat sektoretako enpresak eta langileak batu dira; industria enpresa handietatik zerbitzuetako enpresa txikietara. Norbanako zein gizarte eragileen aldetik jasotako babesa ere azpimarratu zuten atzoko agerraldian; azken horien artean aipatu zituzten Berri Otxoak eta Stop Kaleratzeak elkarteak. "Langabezia eta prekarietatea daude horrelako muturreko egoera guztien atzean eta, beraz, arrazoi berdinak dituzten borrokak elkarbanatzen ditugu denok", adierazi zuten. Haien arabera, "langileen kontrako erasoa" izateaz gain, "enpleguaren kontrako eraso zuzena" ere bada. Izan ere, uste dute horrelako neurriek enplegu gehiago suntsitzen dutela. "Enplegua benetan sortu nahi badugu, egin behar dena da lana banatzea", aldarrikatu zuten. Uste dute Jaurlaritzaren erabaki hori "kontrako ildotik" doala.
Atzoko prentsaurrekoan irakurritako idatzia:
Kaleratzerik ez, erreformarik ez, inposiziorik ez. Enplegua defenda dezagun
Enpleguaren aldeko iniziatiba honekin zenbait komiteren artean hasi ginen. Gaur da eguna ehundaka enpresetako milaka langile batu direla. Tuteratik Ezkerraldera Euskal Herri osoko enpresetan ari da lantzen lehen mailako arazo sozial honi ekiteko beharra.
Poztekoa da enpresa komite asko eta askotan baiezkoa aho batez eman izana. Dinamika bateratzailea dela ulertu izan da eta enpresetan, jarrera laboral batetik, bat egiteko premia argi gelditu da batzar, asanblada eta bozketetan.
Sektore oso ezberdinetako enpresak eta langileak batu dira. Enpresa industrial handietatik, zerbitzuetako enpresa txikietara. Sektore pribatukoak eta sektore publikokoak, atxikimendu zerrendan egiaztatu ahal duzuen bezala.
Eragile sozialen aldetik ere sustengua jasotzen ari gara eta horren adierazle dira, esaterako, bazterketa sozialaren kontrako Berri Otxoak edota desjabetzeen kontrako Stop Desahucios. Langabezia eta prekarietatea daude horrelako muturreko egoera guztien atzean eta, beraz, arrazoi berdinak dituzten borrokak konpartitzen ditugu denok.
Norbanakoen aldetik jasotako babesa ere aipagarria da: eremu ezberdinetako jendeak egin du gurekin bat, irakasleak, ekonomilariak, idazleak, kirolariak... animo mezuak jaso ditugu eta horrek benetan ematen digu indarra. Gizarte osoaren kontra burutzen ari diren erasoa da hau eta horrelaxe erantzun behar dugu.
Aprobetxatu nahi dugu Gasteizko Gobernuak aplikatu nahi duen jardunaldia luzatzeko dekretua salatzeko. Langileen kontrako erasoa izateaz gain, enpleguaren kontrako eraso zuzena ere bada jardunaldia luzatzea. Izan ere, honelako neurriek enplegu gehiago suntsitzen dute. Gogoratu behar dugu administraziopean dauden hainbat eta hainbat langile, behin-behinekoak, langabezian gelditu direla honezkero.
Enplegua benetan sortu nahi badugu, egin behar dena da lana banatzea. Baina Gasteizko Gobernuaren erabaki hau justu kontrako ildotik dator. Honelako erabakiak hartzen dituen Gobernu baten aldetik ezer gutxi espero dezakegu langileok –lanean zein langabezian gaudenak-.
Honelako politikak dira larunbatean salatu nahi ditugunak. Berriro langile guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, enplegua suntsitzera eta enplegu berria ez sortzera datozen neurri guztiei erantzuna emateko, Gasteizko gobernuaren azken inposaketa hau barne.
Atxikimenduak jasotzen jarraitzen dugu. Azken egunotan etengabean ari dira heltzen, enpresetan eta herrietan egiten ari den lanaren ondorioz. Konbentziturik gaude lan horrek bere emaitzak izango dituela eta larunbatean Iruñea eta Bilboko kaleak gainezka egongo direla.
Berriro gonbidatu nahi dugu mundu guztia manifestazioan parte hartzera, bakoitza bere aldarrikapenarekin, bakoitza bere pankartarekin. Bilbon Jesusen Bihotzean 17:30ean eta Iruñean 18:00etan Autobusetatik. Gaurko borroka biharko enplegua