Iazko kontuen likidazioak Sopelako Udalak pilatutako zor guztiak kitatzea ahalbidetuko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 5a, 16:59

Sopelako Udalaren 2012ko kontuek gastu orokorretarako 1,5 milioi euroko soberakina izan dute, tokiko agintariek jakinarazi dutenez. Likidazioaren emaitzak otsailaren 25eko Bozeramaile Batzordean jakinarazi ziren, eta otsailaren 27an onartu ziren Alkatetza Dekretu baten bidez. Otsailaren 28ko udal batzarrean, Saioa Villanueva Bilduko alkateak Udal Gobernuaren "poztasuna" agertu zuen iazko emaitzengatik, eta nabarmendu zuen "aipatu emaitzak diru-sail askotan egindako aurrezkiei esker" lortu dela. "Aurrezki horiek Udal Gobernuaren kudeaketari esker lortu dira: OHZ-rako izena emanda duten etxebizitza datuen eguneratzearen bidez, zerbitzu eta horniketa kontratuetan lortu diren aurrezkiak kontratuak batu eta aurrekontu gehiago eskatu ostean lortu dira, eta abar", azaldu dute udal arduradunek. Aipatu soberakina 2012an hartutako konpromiso guztiak bete ostean eskuratu da. Taldeen bozeramaileei informatu zaien bezala, 2012ko likidazioaren onarpenak Udalak pilatutako zor guztia kitatzea ahalbidetuko du (1,3 milioi euro), eta 2013ko aurrekontutik 438.000 euro bideratu ahal izango dira hainbat eremutan inbertsioak egiteko. Argazkian, Sopelako Udalbatza artxiboko irudian.

Likidazioa onartzeko epea martxoaren 31ra arte amaitzen ez den arren, alkatetzak, otsailaren 25eko Bozeramaile Batzordean informatu zuen legez, izapide hori aurreratu nahi zuen, 2013ko zor konpromisoetarako aurreikusitako 438.000 euroak beste sail batzuetara bideratzeko. "Horrela, beste alderdi politikoek otsailaren 28an eztabaidatu zen aurrekontu proiektuari emendakinak aurkezteko aukera gehiago izango zituzten", adierazi dutenez.

2013ko udal aurrekontuak onartzeko eztabaidaren udal batzarra otsailaren 28an egin zen. Alkatetzak aurkeztutako proposamenari Bilduk bakarrik aurkeztu zion emendakin bat; bertan likidazioaren onarpenaren bidez askatutako kreditua honako diru-sailetara bideratzea proposatzen zen:

- Udalaren Lurzoru Ondarearen Legea betetzeko beharra: 327.187,83 euro.
- Irisgarritasun Planaren lanak: 145.400,00 euro.
- Turismo-proiektuak (sustapen ekonomikoa eta komertzioak berpiztu): 121.850,00 euro.
- Administrazioaren modernizazio prozesuak: 54.000,00 euro.
- Udal eraikinen garbiketa (20.000 euro gehiago).
- Txakurrak batzeko zerbitzua: 60.000 euro.

Bai emendakina, bai proiektua, ez ziren onartuak izan: EAJk (7), PSE-EEk (2) eta PPk (1) aurka bozkatu zuten, eta Bilduk (7), berriz, alde. Alkatetzak oposizioko taldeek aurrekontuaren eztabaidari ezarri dioten atzerapena deitoratu zuen, "oraindik orain ez baita hasi inolako negozioazio errealik, ez baitute inolako alternatibarik eskaini". Alkateak alderdi politikoei gogorarazi zien aurrekontuaren onarpenaren eztabaida ia lau hilabetez luzatu dela jada; 2012. urteko azaroan lehenengo zirriborroa aurkeztu zitzaiela, horren ostean parte-hartze prozesua abiatu zen eta behin-betiko proiektua urtarrila erdialdean aurkeztu zitzaien.

Atzerapena

Tokiko agintariek azaldutakoaren arabera, "aurrekontuen eztabaida otsaileko udal bilkurara atzeratu zen oposizioko taldeek hala eskatu ostean, denbora eta informazio gehiago behar zutela adierazi zutelako. Aurrekontua ez onartzeak honakoa esan nahi du: Udalak 2012ko aurrekontuekin lan egitera behartzen du, eta bakarrik barnebiltzen ditu gastu
arruntak eta ez inbertsioak. Beraz, aurrekontu berriaren onarpenaren atzeratzea udalerriarentzat beharrezkoak diren inbertsioak ere atzeratzea esan nahi du".

Atzo, astelehena, Saioa Villanueva alkatea oposizioko alderdiekin harremanetan jarri zen berriro ere euren proposamenak egiteko eskatuz eta negoziazio-egutegi bat adosteko, ahalik eta lasterren aurrekontuak onartzeko asmoz, Sopelako Udaletik adierazi dutenez. 2013ko aurrekontuek 1,5 milioi euroko diru-sarrera gutxiago izango dute 2012koekin alderatuta (%10,7 gutxiago). Udal bilkurak ezeztatutako proposamenak gastuetako diru-sailak hainbat eremutan dagoen konpromisoetara egokitzen ditu (langileak, kontratrazioa, kirol eta kultura ekintzak, eta abar) eta udalerriko erakunde sozialei dirulaguntzak mantendu zaizkie. 2012arekin alderatuta, herri-lanen diru-sailean izan da beherapenik handiena, proposatutako aurrekontu-proiektuan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun