Ostegun honetarako, hilak 7, oinarrizko errenta unibertsalari buruzko hitzaldia antolatu du
Eztabaida Guneak. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Algortako Villamonte plazako lokalean. Solasaldia Oinarrizko Errenta Sareko bi kidek emango dute eta gaztelaniaz izango da. 1986an oinarrizko errenta unibertsalari lotutako ideiak sustatzeko sortu zuten nazioarteko taldeak, Basic Income European Network-ek (BIEN), honela definitzen du: "Oinarrizko errenta da gizabanako guztiei baldintzarik gabe ordaintzen zaien errenta, dituzten baliabideak eta lanean ari diren ala ez kontuan izan gabe".
Oinarrizko Errenta Sareak, berriz, bere estatutuetako laugarren artikuluan honela definitzen du: "Errenta apal bat, baina bizitzako oinarrizko beharrizanak asetzeko adinakoa, gizarteko kide bakoitzari eskubide gisa ordainduko zaiona, zergen edo beste bitarteko batzuen bidez finantzatuk dena eta herritartasun edo egoitza baldintzekin loturarik ez duena". Beraz, oinarrizko errenta unibertsala litzateke administrazioak inolako baldintzarik gabe herritar bakoitzari ordainduko liokeen errenta, dituen baliabide ekonomikoak, lanik egiten duen edo egin nahi duen ala ez eta norekin bizi den kontuan hartu gabe, eta horregatik ordainik eman beharrik gabe. Argazkian, 2011ko irailaren 29an estreinatu zuten Eztabaida Gune Antiautoritarioaren Villamonte plazako lokala.