Getxoko Udalak Gizarte Zerbitzuetako jarduera-eremuan lan egiten duten entitateri diru-laguntzak emateko oinarrien deialdia onartu berri du. Entitate horiek udalerrian edota udalerriko biztanleei (gutxienez jasotzaileen %30a getxoztarrak izan behar dira) zuzendutako jarduerak egin behar dituzte, tokiko agintariek zehaztu dutenez. Oraingoan, banatu beharreko gehienezko diru-zenbatekoa 206.250 eurokoa izango da eta eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunetakoa izango da, deialdia BAOan argitaratu eta hurrengo egunetik. Udalak gehienez proiektuaren %75 finantzatuko du eta horren %100 bideratzea eta justifikatzea beharrezkoa izango da. Mantentzeko gastuetarako zuzendutako diru-kopurua mugatua izango da eta beste berritasun bat izango da emandako diru-laguntzak justifikatzeko epea 2014ko urtarrilaren 31n amaituko dela. Eskaerak herritarrentzako arreta bulegoetan, Gizarte Zerbitzuen Algortako egoitzan (Urgul kalea, z/g) edo legeak aurreikusitako tokietan aurkeztu ahal izango dira. Entitateren batek zalantzak argitu behar izatekotan, bilera bat eskatu ahal izango du. Eskaera ostirala, martxoak 8, 11:00ak baino lehenago eskatu beharko du, gizartez[abildua]getxo.net helbidean edo 944 660 151 telefono zenbakira deituz. Argazkian, 2012an, Carlos Lópezek eta Eskubeltz Eskaut Taldeak jaso zituzten Getxoko boluntarioen sariak / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!