Berangoko Bilduk zabaldutako prentsa oharra:
Ez-ohiko udalbatza ospatuko da bihar Berangoko udaletxean eta besteak beste,udal aurrekontuen onarpena izango da aztertuko den gaietako bat.
Berangoko Bilduk beste behin ere ozen salatu nahi du PNVren Gobernu Taldearen gardentasun eta negoziatzeko borondate falta. Udal Gobernuak aurrekontuen zirriborroa Ogasun Batzordean otsailaren 14an aurkeztu zuen lehen aldiz. Otsailaren 28an, berriz, bere behin-betiko proposamena aurkeztu zuen, beste alderdi politikoei proposamenak egiteko aukera ukatuz.
Gainera, PNVk bere aurrekontu proposamena aurkeztu du beharrezkoak diren dokumentuak aurkeztu barik. 10/2003 Foru Araua kontuan hartuz, udal gobernuak honako dokumentuak aurkeztu beharko lituzke: aurrekontuen memoria, onartutako eta erabilitako kreditu-konpromisoen eranskina,transferentzia arrunten eta kapitalen eranskina eta langileriaren eranskina.Gainera, dokumentazio guztia gaztelera hutsez aurkeztu dute.
Bildu Berangok azken hilabeteotan hainbat ekarpen jaso ditu auzokideen aldetik; aurrekontuak lantzeko prozesu partehartzailea abian jarri baitzuen, eta herrian inkesta bat banatu baitzuen herritarren iritziak jasotzeko. Haatik, PNVk ez ditu Berangoko Bilduren ekarpenak zeintzuk diren ezagutu nahi, herriko bigarren indar politikoa garen arren. Ez dute gurekin gure proposamenak eztabaidatu nahi izan.
Eta zer dela eta ez dute gurekin eztabaidatu nahi izan? Bada, Berangoko PPk gaur prentsan azaldu duen bezala, PNVk aurrekontu-akordioa lortu du PPrekin. PPren abstentzioaren truke, Alderdi Popularraren proposamen guztiei men egingo dio PNVk.Proposamen horien artean, besteak beste, dispertsioak sortutako gastuen eraginez euskal preso politikoen senideei zuzendutako dirulaguntzak kenduko ditu PNVk.
Agintaldiaren hasieratik salatzen ari garen bezala, beste behin ere PNVk eskuin espainarrarekin aliantza egitea nahiago du, horretarako berangoztarron oinarrizko eskubideen gainetik pasa behar badira ere.
Gainontzeko udal bilkuretan bezala, Berangoko Bilduk auzokide guztiak udal bilkuran parte hartzera gonbidatu nahi ditu. Hitzordua 19:00etan izango da udaletxeko areto nagusian.