Gure esku dago balore horiek gorpuztea ala sistema hiltzaile honi bere gainbeheran gu zapaltzen uztea. Ama lurrak badaki ez dagoela munstroarengandik ezkutatzeko ohe azpirik. Men egiteak ere ez gaitu salbatuko, piztia gizendu egiten baitu. Munstroaren amesgaiztorik txarrena, ordea, bitartekoak helburua direlako kontzientziatik abiatuta jendarte-eraldaketa sakonari ekingo dion feminismo ekologista borrokalaria da.
Ausartiena izango da, bada, etorkizuna.
Koldo Larrea Antxia "Itxina" (Itzubaltzeta / Romo)
Krisiak emakume aurpegia duela baieztatze hutsean geratzeak sistemak hedatu nahi duen emakume ahularen irudia indartzen du. Irudikapen horrekin zerikusirik ez dute Sevillako Corralak okupatu dituztenek, adibidez, edo egunero haien asanbladetan, lantokietan eta etxeetan, beti korrontearen aurka, justizia eta berdintasunaren alde bultza egiten duten milioika emakume izengabeek. Are gehiago, ekologismoarekin uztartutako feminismoak ematen du ama lurra eta pertsonak zapaltzen dituen kapitalismo patriarkalari erantzuteko potentzialtasunik handiena duen mugimendua. Menperatzea, esplotazioa, oldartzea edo lehia bezalako gizonezko baloreen aurrean, ekonomia feministak eta ekofeminismoak deshazkundeari eta Bizitze Ona deritzon pentsamenduari egindako ekarpenek lankidetzan, partekatzean, elkar babestean, elkartasunean, sormenean eta sentiberatasunean oinarritutako eraldaketa proposatzen dute. Argazkian, iazko martxoaren 8ko mobilizazioa Itzubaltzetan.