D3M eta Askatasuneko 11 kideren absoluzioa aztertuko du gaur Auzitegi Gorenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 7a, 11:13

Espainiako Auzitegi Gorenak gaur aztertuko du, ateak itxita, D3M eta Askatasuneko 11 kideren absoluzioa, Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Auzitegi Nazionalak 2012ko ekainaren 18an utzi zituen aske hautes-plataforma eta alderdiko 13 auziperatuak, tartean Eli Zubiaga algortarra, Iker Rodrigo lutxanarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra. Sententzian, akusatuek sufragio aktibo zein pasiborako eskubidea zutela gogoratu zein ETAren interesen aldeko lan egin bazuten ere, hori nahita egin zutenik esateko frogarik ez dagoela argudiatu zuten Manuela Fernandez Prado epaimahaiburuak eta Ramon Saez Valcarcel magistratuak. Nicolas Poveda epaileak bere aldetik, boto partikularra eman zuen, auzipetuak zigortzearen alde. Vicente Gonzalez Mota fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehenengo Atalari igorritako idazki baten bidez. Bere ustez, emandako epaian ez ziren kontuan hartu akusazioak eta defentsak aurkeztutako puntu guztiak eta frogak baloratzean akatsak gertatu direla. Gauzak horrela, Gonzalez Motak berretsi egiten du epaiketan eskatutako zigorrak, sei urte bost hilabetetakoak ETAko kideak izateagatik, kasu gehienetan, eta bost urte erakundeari laguntza emateagatik. Argazkian, D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketa salatu zuten 2012ko maiatzaren 11n Erandion / cc-by-sa Eleak.

2009ko urtarrilaren 23ko goizaldean, Baltasar Garzon epaileak aginduta, zortzi pertsona atxilotu zituen Espainiako Polizia Nazionalak D3M hautesle elkartearen eta Askatasuna alderdiaren aurkako sarekadan. Hiru egun beranduago Garzonek espetxeratu egin zituen. Handik egun batzuetara, Lidia Barcena eta Urtzi Vidal uribekostarrak ere auziperatu zituen, gero aske uzteko. Ohi bezala, epailearen teoria zen hauteskundeetarako eskaintza ETAren tresna besterik ez zela. Aldiz, epaiketan egiaztatu ahal izan zen froga bakarra auzipetuen parte hartze politikoa izan zela azpimarratu zuen Jone Goirizelaia defentsako abokatuak.

Kosta ahala kosta, D3Mk 47.337 sinadura batu zituen hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, baina otsailaren 9an Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen hautesle elkartea, Askatasunarekin egin bezala. Martxoaren 1ean burutu ziren EAEko hauteskundeak eta 100.924 boto baliogabe zenbatu zituzten, haietako gehienak D3Mko hautes-paperak zirela. Gauzak horrela, PSE-EEk eskuratu zuen Lehendakaritza, PPren sostenguarekin. Martxoaren 24an, operazioko zortzi atxilotuak askatu zituzten. 2012ra arte ez zituzten epaituko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun