"Kirolaria eta emakumea naiz" lelopean, martxoaren 8aren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, igande honetarako, hilak 10. Horrenbestez, goizeko 9:30ean (izena emateko 09:00etan) abiatuko da Gorlizko plazatik mendi martxa. Berangoko Moreaga parketik, berriz, oinez zein bizikletaz abiatuko dira 10:30ean. Horiek guztiak 12:30ean Urdulizko Iparralde kiroldegira heltzea espero dute antolatzaileek. Izan ere, 13:00etan irakurriko dute bertan Mankomunitatearen martxoaren 8ko adierazpena. Aurretik luncha ere izango da, baita eskubaloi partidak ere. Batetik, 10:00etan, nesken senior mailako Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Balonmano Urduliz eta BM Zuazo (Barakaldo) taldeek. Bestetik, 11:30ean, Urnietako taldearen kontra arituko dira etxekoak, nesken gazte mailako Euskadiko Txapelketan. Argazkian, 2008an egin zuten Uribe Kostako Emakumeen I. Kirol Anitzeko Lehiaketa, "Kirolaria naiz, baita emakumea ere" lelopean.