Ostiral honetan, martxoak 8,
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatuko du Leioa eta Erandioko campusean, Emakume Zientziadunak izeneko ekitaldiarekin. Hitzordua 10:30ean jarri dute Zientzia eta Teknologia Fakultateko gradu aretoan. Ekitaldi instituzionalean, besteak beste, Genero ikuspegia barne hartzen duten master amaierako lanen I. Maria Goyri Saria emango da. Eta, ondoren, "¿Son raras las mujeres de talento?" antzezlana estreinatuko da. Antzezpena 11:30ean hasiko da Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan. Anne Rougée fisikari eta aktore frantsesak idatzi eta Marta Macho EHUko Matematika irakasleak itzuli du "¿Son raras las mujeres de talento?"; eta Ikuskizunaren Arte eta Zientzia Masterrak ekoitzi du, David Barberoren moldaketatik abiatuta. Guztira, 50 bat pertsona, denak EHUri lotuak, antzezlana taularatzeko ibili dira lanean. Zientzia arloan emakumeek ikusgarritasuna eta aitorpena lortzeko dituzten zailtasunez hausnartzen du obrak, tokiko iturriek azaldu dutenez. Anne Rougée ekitaldi instituzionalean eta antzezlanaren estreinaldian egongo da, unibertsitateko agintariekin batera. Argazkian, Zientzia eta Teknologia Fakultatea.