Torresolo ingurua urbanizatzeko obrak eginda, jabegoko babes ofizialeko 58 etxebizitzen lehen promoziorako inskripzio epea zabalduko du astelehenean, hilak 11, apirilaren 30era arte, Leioako Udalak. Etxebizitzok azken sei urteotan gutxienez hiru urtez udalerrian erroldatuta egon diren herritarrei zuzenduta daude. Aurreko kolektiboari etxebizitza guztiak esleitzen ez bazaizkio, gainerakoak Leioan lan egitearen irizpide pean eskainiko dira (hiru urtez azken sei urteotan). Eta azkenik, aurreko bi kolektiboei etxebizitza guztiak esleitzen ez bazaizkie, gainerakoak edozeini eskainiko zaizkio, Leioako errolda baldintzak edo Leioarekin lan-lotura baldintzak bete ez arren. Hala ere, aurreko bi kolektiboek bezala, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua erosteko bere araudian ezartzen dituen baldintzak bete beharrekoak dira, edozein kasutan, tokiko agintariek zehaztu dutenez. Etxebizitzen zozketan izena emateko, Etxebiden inskribatuta egon ez arren, interesatuak dokumentazioa aurkez dezakete Udalaren Erregistro Orokorrean (Elexalde 1), astelehenetik ostiralera (09:00-14:00). Kultur Leioan ere entrega ditzakete agiriak, lehen solairuan, astelehenetik ostiralera (15:00-21:00) edo larunbatetan (11:00-14:00). Argazkian, aurreko etxebizitza zozketa bat Sakoneta kiroldegian / © Leioako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!