"Euskal Herria feminista sortzera goaz!" eta "Euskal Herria feminista eraikitzera goaz!" leloen pean, Erandioko
Sortu ezker abertzaleko alderdi berriak elkarretaratzea deitu du gaurko, Altzagan. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harirako hitzordu hori metro geltokiaren ondoan jarri dute, iluntzeko 8etan. Gaur eguerdian, berriz, Astrabuduako eta Erandioko emakumeen elkarteek udaletxearen aurrean kontzentrazioa egin ostean Altzagatik Astrabuduara arteko martxan aritu dira. Bestalde, arratsean makina bat hitzordu feminista izango da. Iluntzeko 8:30ean jarri du Ernaik Gorlizko Eleiz plazan, "Patriarkatua suntsitu" lelopean. Algortan, manifestazio batek zeharkatuko dituela kaleak, Bilgune Feministak deituta. Hitzordua 20:00etan jarri dute Telletxe plazan. Ondoren, ekitaldia egingo dute Txiki-Otaegi plazan; eta amaitzeko, dantza-pintxo-poteoa Algortan zehar. Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak ere martxa deitu du, Santa Eugenia plazatik abiatuta, 20:00etan. Leioako Bilgune Feministak zein Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) eta Sopelako Asanblada Feministak kontzentrazio bana egingo dute ordu berean, hurrenez hurren, Bulebarrean eta Sopelako udaletxe aurrean. Hala ere, leioaztarrek antolatu duten argazki lehiaketaren lanak arratsalde guztian egongo dira ikusgai aipatu lekuan. Bertan egingo dute sari banaketa. Eta egunari amaiera emateko, 20:30etik aurrera, poteo musikatua izango da Leioako kaleetan zehar.