Bilduren iritziz, lantaldeak gaur egun garraio erakundeek eta operadoreek dituen eginbeharrak aztertu ahal izango ditu "Bizkaiko garraioaren koordinazioa eta parte hartzea batzeko eta hobekuntzak bultzatzeko helburuz". Lantaldearen eginbeharren artean, Lurralderako agintaritza bakarra lantzea edo, bestela, gaur egun Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) dituen eginbeharrak berregituratzea egongo dira. Erakunde hori 1975ean sortu zen, Bilboko metroa eregiteko helburuz.
Aitor Torre Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "ezinbestekoa" da Batzar Nagusietan gogoeta prozesu hori zabaltzea, Batzordeak 2012ko ekainean agindu zuen txosten tekniko-juridikoaren ondorioak ikusita. Bizkaia, EAEko garraio sistemaren "korapilo gordiarra” izan daiteke eta, horretarako, Torreren ustez oso komenigarria da denbora batez “argiak eta ilunak mahai gainean" jartzea, mugikortasun ereduari buruzko gogoeta egiteko eta "krisi abagunerekin bat etorriko den" garraio koordinatuagoa sortzeko.
Batzarretako talde sozialista, garraioaren “koordinazioa hobetzeko” pausuak ematearen alde agertu da, "txartel bakarra" sortzeari buruzko pausuak, adibidez, eta lurraldeko ganberan gogoeta epealdia zabaltzearen alde, beti ere administrazio bakoitzaren eskumenak errespetatuz. Joaquin Colmenero batzarkide sozialistak adierazi du beharrezkoa bada "delegatu" beharko dela, "bikoiztasunik" ez egoteko eta sistema "arrazoizkoa, iraunkorra eta etorkizunekoa" sortzeko, Bizkaiko garraio sistema "oso konplexua" delako.
Jeltzaleen zalantzak
Hasiera batean, EAJk bere “zalantzak” azaldu ditu, Bizkaiko Batzar Nagusiak horrelako gogoeta zabaltzeko lekurik egokiena ei den, eta eztabaidarako eremu “zabalagoaren” alde agertu da. Eremu zabalago hori EAEko Garraioaren Agintaritza izan daiteke, 2003an Eusko Jaurlaritzak osatutako garraioaren eta garraio azpiegituren arloko kontsulta eta koordinazio organoa. Horrela izanik ere, talde jeltzalea ez da eztabaida zabaltzearen kontra agertu, eta Bilduren proposamena “interesgarria” dela azaldu du. “Ez dugu gogoeta hori trabatuko”, azaldu du Nerea Ahedo batzordeko eledun jeltzaleak.
Bizkaian lantaldea osatzeko ideia ez du ondo hartu PP taldeak. Batzarretako talde horren arabera ez da une egokia, Foru Aldundien eta jendarteko beste agente batzuen garraio arloko araudiari buruzko hainbat helegite martxan daude-eta. Jesus Isasi batzarkide popularrak, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek jarritako helegiteak direla-eta “geldirik” dagoen Mugikortasun Iraunkorrerako Lege proiektua edo administrazio auzibidezko helegitea jaso duen Bidaiarien Errepideko Garraioari buruzko Dekretua aipatu ditu.
PP bat dator jeltzaleekin, gogoeta horrek Batzar Nagusietan "ez daukala lekurik" esatean, eta gogoeta EAEko Garraioaren Agintaritzara eroatearen alde agertu da. Isasik ez luke gura lantaldeak, garraio arloko eskumenak “lurperatzeko” balio izatea, eta “foru agintea” errespetatzea eskatu du. Garraioetan bikoiztasunik egon ez dadin akordio "zabalagoa" behar dala azpimarratu du. Aldaketa hori dala-eta, “BGP aldatzearen edo balio barik uztearen” alde agertu da.