Asteartean, martxoak 12, José Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak "inposatu" nahi duen hezkuntza erreforma berriaren (LOMCE deitutakoa) edukiak azalduko dituzte Algortan,
Sortzen Ikasbatuaz elkarteak antolatutako hitzaldian. Baita Hezkuntza Sistema propioaren inguruan berba egin ere. Hitzordua 19:00etan jarri dute Villamonteko kultur etxean, "Euskal Herriak bere hezkuntza eraiki" lelopean. Eli Zubiaga algortarra izango da hizlaria. Bitartean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua (Euskal Herria), A Mesa pola Normalización Lingüística (Galizia) eta Ciemen-Enllaçats (Herrialde Katalanak) erakundeetako ordezkariek
Espainiako Kongresuko talde parlamentarioei bilera irekirako deia luzatu diete astearterako. Hain zuzen ere, Werten "erasoa" eta Estatuaren jarrera salatzeko bat egin dute hiru eragileek. Argazkian, 2012ko abenduaren 13an, Kontseiluak agerraldia egin zuen Bilbon, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak aurkeztutako lege proposamena salatu eta ikasle euskaldunak sortuko dituen hezkuntz sistema bakarra aldarrikatzeko / © Kontseilua.