Atzo, ostegunarekin abiatu zen Algortan Getxoko Gazta Azokaren bederatzigarren edizioa eta, dagoeneko, lau eguneko egonaldiaren erdira ailegatu da. Halere, igandera arte, bertoko eta nazioarteko 18 ekoizlek, jatorri oso ezberdinetakoak, mantenduko dituzte saltokiak Telletxe plazan. Gauzak horrela, gelditzen diren bi egunetan zehar auzokideek zein bisitariek zenbait mota eta jatorritako gaztak dastatu eta erosi ahal izango dituzte, beraientzat zein hurkoentzat, esaera zaharrak esaten baituenez, "Urdaia, gazta eta arnoa urtekoa, adiskidea urtetakoa". Besteak beste, gazta mota hauek daude salgai: Casarreko opila, ahuntz-gazta, titi-gazta, Kantabriako gazta, Montbru (Katalunia), Guara ardi-gazta (Aragoi), Idiazabal, Valsequillo (Kanariar Irlak) eta Erronkariko gazta, besteak beste. Bertoko artisauak Bizkaia eta Arabakoak izango dira. Nazioarteko ordezkaritza, berriz, Galizia, Suitza, Italia, Extremadura, Frantzia, Gaztela, Leon, Herrialde Katalanak, Kanariar Irlak eta Asturiasetik helduko da. Azokaren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Argazkian, gaztazale koadrila bat gazta azokan / ©
Getxoko Kultur Etxea.