Astelehenetik aurrera
epaituko dituzte Bilbon Jose Enrique Antolin Iria eta Xabier Aierdi Urraza EHUko irakasleak, bi deportatuk egindako ikasketengatik, unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez. Prebarikazio-delitua egotzita, lan-egiteko edo kargu publiko bat betetzeko 8 urteko inhabilitazioa eskatzen dute irakasle bakoitzarentzat. Bada, Euskal Herriko Unibertsitateko gaur egungo errektoretza taldearen, aurreko errektoretza taldearen eta unibertsitateko ikastegietako dekanotza zein zuzendaritza taldeen ordezkaritza zabal bat epaitegira hurreratuko da astelehenean (Buenos Aires kalea, 6), goizeko 9:30etan, Antolin eta Aierdiri babesa eta elkartasun osoa adierazteko. EHUko Gobernu Kontseiluak aho batez onartu zuen, 2012ko irailaren 27ko batzarrean, bi irakasleei sostengu osoa adieraztea. Beste horrenbeste egin dute unibertsitateko 1.033 irakasle eta ikertzailek, izenpetutako manifestu baten bitartez,
Naiz.info agerkariak zabaldu duenez. Argazkian, ikasle presoen aldeko mobilizazioa Leioa eta Erandioko campusean.