EHUko Gobernu Kontseiluak aho batez onartu zuen, 2012ko irailaren 27ko batzarrean, bi irakasleei sostengu osoa adieraztea. Beste horrenbeste egin dute unibertsitateko 1.033 irakasle eta ikertzailek, izenpetutako manifestu baten bitartez; baita EHUko Ikaste Kontseiluak eta EILAS sindikatuak ere.
EHUko Ikaste Kontseiluak gaur plazaratutako adierazpena:
Hastear dagoen ahozko epaiketaren aurrean, Gizarte Zientzietako eta Komunikazioko ohiko dekanoaren, Enrique Antolinen, eta bertako irakasle den Xabier Aierdiren ustezko prebarikazioa dela eta, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak bat egiten du Gobernu Kontseiluak eta erakunde honetako irakasleek adierazitako babesarekin, eta honakoa adierazten du:
1.Enrique Antolín eta Xabier Aierdi irakasleek beren karguei zegozkien funtzioak bete besterik ez dute egin, banakoaren jardunbidea gainditzen eta baldintzatzen duten erabaki instituzionalen esparruan.
2.Ikasle Kontseilu honek sostengu eta elkartasun osoa agertzen die Enrique Antolín eta Xabier Aierdi irakasleei.
3.Bi lankide hauei gure elkartasuna adierazi nahi diegu publikoki, izan ere, edonor irakasle egoera berean egon zitekeen irakasle bezala dagozkien betebeharrak egiteagatik.
4.Era berean, Ikasle Kontseilu honek espero du prozedura judizialak ez duela zalantza izpirik utziko irakasle hauen jardunbideari buruz, eta argi erakutsiko duela lan egokia egin dutela erakunde honetan.
EILAS sindikatuak kaleratutako oharra:
Gaur, martxoak 11, Bilboko Auzitegian hasi da UPV/EHUko irakasleak eta EILASkideak diren Xabier Aierdiren eta Kike Antolínen kontrako epaiketa. Fiskalak zortzi urteko gaitasun gabetzea eskatzen du prebarikatzeagatik, hainbat ikasturtetan zehar Kabo Berden eta Dominikar Errepublikan Frantziar Estatuak erbesteratutako bi euskal errefuxiatu unibertsitatean matrikulaturik egon zirelako. Zehatzago, Kike Antolínek ikasleen arretaren ardura eramaten zuen Fakultateko zuzendaritza taldean, eta Xabier Aierdi haien tutorea izan zen.
STEE-EILAS-ek iraganeko errefluxua baino ez den epaiketa hau salatu nahi du, UPV/EHU, nahita ETAri egiten zaion balizko estaldurarekin lotu nahi duelako, pertsonek duten ikasteko eskubidea urratuz. Kasu honetan gure kideen jarduera, UPV/EHUko Kontseilu Gobernuak berak adierazi zuen bezala “zein bere kargua zegokion funtzioen barruan, edozein jarrera indibiduala gainditzen eta baldintzatzen duten erabaki instituzionaleko marko batean” kokatu behar da. Gainera, 2005etik hona aztertu diren antzeko 500 espedientetatik, hauxe da aurrera egin duen bakarra. Kikek eta Xabierrek edozein irakaslek egin behar duena baino ez dute egin: ikasle guztien zerbitzura egon.
STEE-EILAS harro dago Xabier Aierdi eta Kike Antolín gure sindikatukideak direlako eta elkartasuna adierazi nahi die beraiei eta beren familiei egun gogor hauetan pairatzen ari direnagatik. Aldi berean, berehalako absoluzioa eskatzen dugu bere kontrako akusazioak ez duelako inolako funtsik. Gaur, inoiz baino nabariagoa gelditu da hainbat ekimen judizialaren atzean egon den bultzada politikoa, euskal gizartearentzat ulertezina den kriminalizazio orokorreko estrategia baten barruan.