Lurralde Antolaketari buruzko jardunaldiak antolatu ditu datozen egunetarako EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 11a, 18:46

Martxoaren 14, 15 eta 16rako Lurralde Antolaketa eta Hirigintzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Uribe Kostako EH Bilduk. Topaketetan landu beharreko gaiak hiru egunetan banatu dituzte, koalizio soberanistak azaldu duenez, egun bakoitzean gai ezberdin bat jorratuz. Horrenbestez, ostegunean, lurralde antolakuntzaren garrantzia, eduki duen garapena... hizpide izango dituzte 19:00etatik aurrera, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Ostiralean, berriz, lurralde antolamenduak gure bizitzan izan dezakeen eragina aztertuko dute, 19:00etan hasita, Algortako Villamonteko kultur etxean. Azkenik, larunbatean, parte hartzea nola egin daitekeen azalduko dute, 10:30etik aurrera, Urdulizko kultur etxean. "Hitzaldiak atseginak izan daitezen hizlari ezberdinak izango ditugu, ponentzia laburrak eta galderak eta solasaldirako aukera eta beste tokietako adibide eta esperientziak. Uribe Kostako herri askotan (Urduliz, Getxo, Sopela...) Herri Antolaketarako Plangintzak berrikusteko prozesuak martxan daude; horregatik eztabaida kalera atera eta hausnarketa bultzatu nahi dugu", azaldu du EH Bilduk. Argazkian, 2010eko abenduaren 18an, 150 bat herritarrek egin zuten Lurralde Zati Planaren (LZP) kontrako martxa Getxoko Bentatik Azkorrira.

Lurraldearen Antolaketa lurraldearen kudeaketa arduratsuaz jabetzen den jakintza-arloa da, Uribe Kostako EH Bilduk adierazi duenez. Ezagupen-eremu zabala hartzen duenez, hainbat diziplinak hartzen dute parte haren ikerketan, hala nola hirigintzak, geografiak, soziologiak, ekologiak edota ekonomiak.

Oro har, lurraldearen antolakuntzak hiru helburu nagusi ditu:

1- Garapen orekatua laguntzea.
2- Bizi-kalitatea hobetzea.
3- Ingurumena eta natura-baliabideak babestea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun