Korrikaren inguruan "Publikoari gorroto" antzezlana ikusgai egongo da gaur Altzagan

Korrikaren 18. edizioaren inguruan antolatutako ekitaldien artean, Huts Teatroa konpainiak sortutako "Publikoari gorroto" antzezlana ikusgai egongo da bihar, asteartea, sarrera doan. Hitzordua 20:00etan jarri dute, Altzagako azoka zaharrean. Obraren protagonista Ander Lipus aktore ezaguna da eta berarekin Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu arituko dira euskarazko lan horretan. Manex Fuchs-en zuzendaritzapean, aktoreek Xabier Mendiguren Elizegik 1985an idatzitako antzezlan punk-a taularatuko dute, idazlearekin adostutako hainbat moldaketa sartuta. "Aktore bat, bi ikusle, agertoki bat. Besterik ez du behar antzerkiak" dio lan horren sinopsiaren hasierak, baina euskal antzerki garaikidea poltsiko zulatuekin dabil, eta publikoa gose. Horrek ezin egona pizten du. Eta ezinegon hori "Publikoari gorroto" antzezlanean islatzen da. Izan ere, teatroari buruzko hausnarketa jostalari baten moduan hasten da obra, publikoarekiko keinuz eta umorez; pixkanaka, ordea, arimaren zoko ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… giza izatearen amildegi ertzera iristeraino. Lana azaroan estreinatu zen Lapurdiko Luhuso herrian eta Leioako Artedrama arte eszenikoen plataformaren esku ari da herriz-herri zabaltzen. Argazkian, Ander Lipus aktorea obraren pasarte batean / © Ainhoa Resano - Huts Teatroa.

"Eman euskara elkarri" lelopean, ostegun honetan, martxoak 14, abiatuko da Andoainetik Korrika 18, hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaitzeko. Gurean, Erandio udalerritik birritan igaroko da Korrika. Batetik, martxoaren 21ean, osteguna, Sondikatik helduko da 17:10 pasatxo Asuara, San Inazio (Bilbo) aldera egiteko 17:35 inguruan. Hurrengo egunean, hilaren 22an, ostiralarekin, berriro Erandion (Altzagan) sartu 12:15ean itsasadarra zeharkatuta eta Leioa, Itzubaltzeta / Romo, Algorta, Berango, Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Urduliz zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketak. 17:35 inguruan joango zaigu, Laukizera bidean.

Bitartean, ugalduz doaz euskararen aldeko lasterketaren berri emateko ekintzak Uribe Kosta eta Erandion. Hona hemen orain arte bildutakoak:

Martxoak 12, asteartea, Erandio

20:00 "Publikoari Gorroto" antzezlana, Altzagako azoka zaharrean, sarrera doan.

Martxoak 13, asteazkena, Algorta

19:30 Bertso-Korrika, Fadura kiroldegiko areto nagusian. Bertsolariak: Jone Uria, Imanol Uria, Pello Etxebarria eta Gabi Basañez. Gai-jartzailea: Beñat Vidal.

Martxoak 13, asteazkena, Leioa

19:30 Korrikaren aurkezpena, Lamia AEK euskaltegian.

Martxoak 14, osteguna, Leioa

17:00 Brindisa eta propaganda festa, Bulebarrean.

Martxoak 15, ostirala, Erandio

20:00 Kantagunea, Altzagako La Plaza tabernatik abiatuta. Eraman zure petoa jantzita, eta oraindik ez baduzu, erosteko aukera izango duzu.

Martxoak 16, larunbata, Erandio

Korrikaren hasiera ospatzeko afaria Erandio Landako Dandaka tabernan. Izena emateko ondoko helbide elektronikora bidali beharko da mezua, ahalik eta lasterren: berbots[abildua]gmail.com.

Martxoak 17, igandea, Berango

12:00 Umeen pilota partidak, txistorra-jana eta trikitia eta alboka musika, frontoian.

Martxoak 19, asteartea, Erandio

20:00 "Pisukideak" antzezlana, Altzagako azoka zaharrean, sarrera doan.

Martxoak 21, osteguna, Erandio

21:00 Kilometroak margotzea.

Martxoak 21, osteguna, Leioa

21:00 Propaganda jai herrikoia eta kilometroak margotzea, Lamia AEK euskaltegitik abiatuta.

Martxoak 22, ostirala, Erandio

09:30 Herria apaintzea.

Martxoak 22, ostirala, Leioa

Korrika Eguna
10:15 Korrika Txikia, Askartzan hasita.
13:00 Korrika Leioan. Metro geltokitik helduko da.
17:00 Umeentzako jolasak Euskal Etxeen plazan.
20:00 Kantu poteoa Xcareten hasita.
22:00 Kantu afaria Txomin Aresti eskolan.

Korrikaren ordutegiak Uribe Kosta eta Erandion:

Martxoak 21, osteguna

Erandio (Asua) 17:13

Martxoak 22, ostirala

Erandio (Altzaga) 12:15
Leioa 13:01
Erromo 13:33
Algorta 14:00
Berango 14:55
Sopela 15:16
Barrika 15:54
Plentzia 16:18
Gorliz 16:42
Urduliz 17:15
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun