Parot doktrinaren kontrako kontzentrazioa egingo dute martxoaren 20an Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 12a, 13:51

Martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio euskal preso politikoaren auzia berraztertuko du. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Horren harira, larunbat honetarako, hilak 16, nazio manifestazioa deitu du Tafallan Herrira mugimenduak. Hitzordua 12:00etan jarri dute udaletxeko plazan. Martxoaren 20an, asteazkenarekin, berriz, mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan: besteak beste, kontzentrazioa egongo da Algortako Telletxe plazan, 20:00etan. Bitartean, abian da Gonzalo Casal preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu izana salatu eta bere askatasuna eskatzeko sinadura bilketa. Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko aukera. Argazkian, otsailaren 15ean, 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten manifestazioan "Kitxu"ri espetxe zigorra luzatu izana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun