
Duela 10 hilabete eskuko lau hatz galdu zituen Juan Carlos Goiriena 57 urteko Gorlizko bizilagunak. Jaiotzez Mungiakoa, belarra mozteko makinarekin izan zuen istripua bere etxean. Bada, joan den otsailaren 25ean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Juan José García zirujau plastikoak eskuan behatz bat jartzeko ebakuntza egin zion, lehendabizikoa euskal osasun sistema publikoan. Operazioa 10 orduz luzatu zen. "Helburua zen pazienteak, gutxienez, bi hatz izatea eskuan, pintza bidigitala lortu ahal izateko. Izan ere, funtzio hori funtsezkoa da eguneroko aktibitateetan, hala nola, arkatz edo edalontzi bat jaso, botila bati tapoia kendu, edo zapataren kordoiak lotzeko", gaurko prentsaurrekoan Garciak azaldu duenez. Gaineratu duenez, helburu hori lortzeko, aukera onena zen eskuan behatz bat transplantatzea; "behatz bakar bat, alde-emailean eragindako ondorioek pazientearen ohiko aktibitateak ez baldintzatzeko, eta herrenik gabe korrika edo ibili ahal izateko". "Kasu honetan, xedea ez zen soilik akats bat berreraikitzea; funtzionala izan behar zuen. Hori dela eta, beste hainbat egitura ere berreraiki dira, hala nola, tendoiak, hezurra edo nerbioak", azaldu du zirujauak. Transplante mikrokirurgikoaren eboluzioa ona da, eta alta jaso ondoren, errehabilitazio-prozesuari helduko zaio. Argazkian, ebakuntza bat Gurutzetako ospitalean / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.