"Javi Conde maratoi solidarioak" izeneko proiektuak Seul eta Amberes izango ditu hurrengo helmugak. Kirola eta gizarte-ekintza uztartzen dituen ekimen solidarioa da, gizarte-egoera ahuleko taldeak eta programak laguntzea helburu duena. Jon Salvador lasterkari erandiotarrak eta Javier Conde Basauriko paralinpiar atletak anbizio handiko proiektuari ekin zioten 2010ean, eta Seul izango dute hurrengo erronka, hamazortzigarrena. Joko Olinpikoak zein Paralinpikoak izan dituzten hirietan 28 maratoitan korrika egitea da proiektuaren ardatza, ongintzazko fundazio eta erakundeentzat dirua biltzeko helburuarekin. UNICEF, Cáritas, Proyecto Misionero Javeriano, Vicente Ferrer Fundazioa, DYA Bilbao, Bizkaiko Elikagaien Bankua, Colmenero Fundazioa eta Gorabide izan dira, besteak beste, laguntza jaso duten elkarteak. Proiektuaren bitartez, 47.000 euro lortu dituzte 2012ra bitartean. 2013an, gutxienez, 40.000 euro biltzea espero dute. Argazkian, Condek eta Salvadorrek maratoia burutzea lortu zuten, 2012ko martxoaren 17an, Bizkaiko Zubiko goiko igarobidean / © Kirolak Getxo.