Eliza Katoliko Erromatarrak Jorge Mario Bergoglio argentinarra izendatu du Aita Santu, Joseph Ratzingerrek (Benedikto XVI) pasa den otsailaren 28an
utzitako hutsunea betetzeko.
Berria.info-k zabaldu duenez, Bergogliok 76 urte ditu eta jesuita da. Hartuko duen izena Frantzisko I.a izango da. 19:00ak aldera iragarri du Vatikanok historiako 266. aita santua aukeratu dutela, ohiko ke zuria botaz. Kanpai hotsak ere entzun dira Done Petri plazan lehenik, eta musika bandaren hotsak gero. Milaka lagun bildu dira aita santu berriaren hitzak entzuteko. Frantzisko I.ak bera baino lehen izandako Ratzingerren alde otoitz egitera deitu du eta horrela egin dute milaka pertsonek. Jorge Mario Bergoglio 21 urterekin erabaki zuen apaiz sartzea, eta Villa Devoto seminarioan aritu zen lehenik fraidegai. 1969ko abenduaren 13an izendatu zuten apaiz, eta geroztik luzea izan da haren ibilbidea. Buenos Airesko artzapezpikua da. Latinoamerikako lehen aita santua da. Argazkian, Francisco I Aita Santu berria Done Petri plazan bildutako jendeari mintzatzen / cc-by-sa
Sebastian Freire.