Ostegun, ostiral eta larunbaterako Lurralde Antolaketa eta Hirigintzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Uribe Kostako
EH Bilduk. Topaketetan landu beharreko gaiak hiru egunetan banatu dituzte, koalizio soberanistak azaldu duenez, egun bakoitzean gai ezberdin bat jorratuz. Horrenbestez, gaur, lurralde antolakuntzaren garrantzia, eduki duen garapena... hizpide izango dituzte 19:00etatik aurrera, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Bihar, berriz, lurralde antolamenduak gure bizitzan izan dezakeen eragina aztertuko dute, 19:00etan hasita, Algortako Villamonteko kultur etxean. Azkenik, etzi, parte hartzea nola egin daitekeen azalduko dute, 10:30etik aurrera, Urdulizko kultur etxean. "Hitzaldiak atseginak izan daitezen hizlari ezberdinak izango ditugu, ponentzia laburrak eta galderak eta solasaldirako aukera eta beste tokietako adibide eta esperientziak. Uribe Kostako herri askotan (Urduliz, Getxo, Sopela...) Herri Antolaketarako Plangintzak berrikusteko prozesuak martxan daude; horregatik eztabaida kalera atera eta hausnarketa bultzatu nahi dugu", azaldu du EH Bilduk. Argazkian, 2010eko abenduaren 18an, 150 bat herritarrek egin zuten Lurralde Zati Planaren (LZP) kontrako martxa Getxoko Bentatik Azkorrira.