Ostegun honetan, 14:30 aldera hilik aurkitu dute Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politikoa bere etxean,
Algortako Herrira bilguneak zehaztu duenez. Algortarra espetxeratze arinduan zuten preso, epilepsia bezalako gaixotasun larria pairatzen baitzuen. 41 urte zituen soilik eta preso eman du ia bizi erdia, 1994an atxilotu zutenetik. Mina eta haserrea eragin du Figueroaren heriotzak.
Etxerat presoen senideen elkarteak,
Herrira mugimenduak eta
Sortu alderdiak doluminak adierazi dizkiete presoaren senideei. "Euskal preso politikoen aurka erabiltzen den espetxe politika krudelak hil egiten duela" ohartarazi dute Herrirak eta Sortuk; algortarra dela horren azken froga. Hortaz, "giza eskubideak oinarri izango dituen bidea abiatu" dadila aldarrikatu dute. Espetxe politika zein Figueroaren heriotza salatzeko datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Sortuk. Besteak beste, gaur ostirala, kontzentrazio isila izango da, 20:00etan, Telletxe plazan, Algortako herriak deitua. Argazkian, Figueroa aska zezaten ekimen ugari egin zituen
Anjel kalera! herri ekimena, presoa etxera ekarri aurretik.