Besteak beste, Getxoko Bilduk bertan behera uzten ditu egiteko instituzional guztiak eta 12:00etan egin behar zuten aurrekontuei buruzko prentsaurrekoa, Figueroaren heriotza dela eta. Horretaz gain, gaur Algortan izango zen Lurralde Antolaketari buruzko hitzaldia bertan behera gelditu da, "espetxe-politikak hil duen algortarraren aldeko mobilizazioak direla medio". Azkenik, Algortako Gazte Asanbladak gauean Getxoko Txorimalo gaztetxean ziren kontzertuak kendu ditu.
Anjel Figueroaren heriotzaren salaketa (cc-by Algortako Herrira)
Elkartasuna Urduliztik (cc-by Urdulizko Herrira)
Arratsaldeko 6etan irekiko dute Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politiko gaixoaren hil kapera, Algortako Etorbideko 69. zenbakian dagoen Sarria beilatokian. Gaueko 9ak arte egongo da zabalik. 20:00etan, berriz, kontzentrazio isila izango da Telletxe plazan, Algortako herritarrek deituta. Iruñean ere elkarretaratzea deitu dute, "Espetxe politikak hil egiten du. Gaixo dauden presoak kalera orain!" lelopean. Hitzordua 20:30ean jarri dute PPren egoitzaren aurrean. Bitartean, espetxe politikaren kontrako zein Figueroaren aldeko pintaketez, kartelez eta dolu-xingola beltzadun ikurrinez agertu da goizetik Algorta. Gainera, hainbat eragilek gaurko aurreikusita zeuzkaten ekitaldiak bertan behera utzi dituzte, tartean Uribe Kostako EH Bilduk, Getxoko Bilduk eta Algortako Gazte Asanbladak.