Bihar, larunbatarekin, pasa den martxoaren 2an eratu zen
Ernai ezker abertzaleko gazte erakunde berria aurkeztuko dute Itzubaltzeta / Romon. Tokiko Ernai taldeak egun osorako egitaraua prestatu du, herrian bere berri eman zein Gazte Danbada ekimenaren jendaurreko aurkezpena egiteko. Gauzak horrela, goizeko 11:30ean abiatuko dituzte animazio ekitaldiak, Santa Eugenia plazaren inguruetatik eta herritik zehar. Arratseko 3etan herri bazkaria izango dute, txartelak Brankan eskura daitezkeela. Bazkalostean Gazte Danbadaren inguruko zalantza guztiak argituko dituzte eta musika, argazkia eta zintzur bustitzearen ostean Ernairen ekitaldi politikoa egingo dute, 19:30ean. Handik aurrera, festa giroan murgilduko dira neska-mutilak. Itzubaltzeta / Romoko gazteek badakite gazte erakundearen jarduna ez dela erraza izango. Izan ere, Ernai Lizarran sortu eta ordu gutxira, Ertzaintzak 8 neska-mutil identifikatu zituen herrian, antolakunde berriaren kartelak hormetan zeloz jartzeagatik. UKBERRI.NETek jakin duenez, ertzainek Ernai "sindikaturen bat" den galdetu zieten datuak hartzen zizkieten bitartean. Bestalde, Leioan gaur egitekoa zen Ernairen aurkezpena bertan behera utzi dute. Bertako ernaikideek atzo zendu zen Angel Figueroa preso politiko algortarra agurtzera eta 20:00etan Telletxen egingo den elkarretaratzera joateko deitu dute. Argazkian, Ernairen sorrera ekitaldia cc-by-nc Topatu.info.